"Errebal Plazia", Errebalen eraikiko duten erabilera anitzeko gunearen izena

"Errebal Plazia", Errebalen eraikiko duten erabilera anitzeko gunearen izena

Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea, eta ikastetxe irabazleetako irakasleak.

2018/05/11

Hala erabaki dute, apirilaren 23tik 30era bitartean, Pegorara, Herritarren zerbitzurako bulegora, beren botua ematera gerturatu ziren 101 herritarretatik, 63k; Errebalgunek 24 bozka jaso ditu; Ametsen Plazak, 8; Eibar Kultura eta Merkatuak, 3; Ibarbekuak, 2; eta Errebal Berriak boto bakarra lortu du.

Gaur goizean ezagutu dugu Errebalen eraikiko duten erabilera anitzeko gunearen izena eta irudi korporatiboa: Errebal Plazia. Horretarako, Eibarko ikastetxeetako irakasle eta herritar askoren begiradapean, eibartarrek emandako botuak zenbatu eta ireki dituzte Udalbatza Aretoan. Aurrera eramandako parte-hartze prozesuan, herriko ikastetxeetako sei proposamenen artean aukeratu behar izan zuten herritarrek; proiektuak erakusgai jarri ziren eta gero herritarrek bozkatu egin zuten.

Guztira, 101 boto eman dituzte eibartarrek: proposamen irabazleak, Errebal Plaziak, 63 bozka jaso ditu; Errebalgunek, 24; Ametsen Plazak, 8; Eibar Kultura eta Merkatuak, 3; Ibarbekuak, 2; eta Errebal Berriak boto bakarra jaso du.

Lehen Hezkuntzako ikastetxe irabazleak, Juan Antonio Mogelek, 2.000 euroko saria jasoko du, eta Batxilergokoak, La Salle Azitainek, 3.000koa gehienez ere. Eta gainera, parte hartu duen Lehen Hezkuntzako eskoletako bakoitzak 300 euroko saria jaso du gehienez ere, ikastetxe irabazlea izan ezik. Sari guztiak ez dira izango eskudirutan, baizik eta ikastetxerako ekipamendurako hobekuntzetan.

Sei proposamen

Proposamenak Udaletxeko patioan egon ziren ikusgai apirilaren 23tik 30era bitartean (biak barne). Egitasmo bakoitzak zenbaki bat izan zuen proposamenen anonimotasuna bermatzeko eta zer ikastetxerena den jakin barik aukeratu ahal izateko. 

Egun horietan, herrian erroldatuta zeuden 16 urtetik gorako eibartarrek sei zenbakietako bat aukeratu ahal izan zuten —proiektu bakoitzari zegozkionak— eta Pegoran egon zen hautestontzian sartu. Herritarren partaidetza sustatzeko, sariak zozketatuko dira botoa ematera gerturatu ziren pertsona guztien artean.

Lehen Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzako lehiaketa

Lehiaketa Lehen Hezkuntzako (LH 5. eta 6.) hirugarren zikloko eta Batxilergo Artistikoko (Ignacio Zuloaga Institutua eta La Salle Azitain) ikasleei zuzendua egon da; haiek izan dira Errebaleko gunerako izen posibleak eta irudi korporatiborako diseinuaren ideiak eman dituztenak.

Lehiaketan parte hartu duten Lehen Hezkuntzako sei ikastetxeetako bakoitzak izen bat aukeratu du Errebaleko erabilera anitzeko gunerako. Batxilergo Artistikoko ikasleak, bere aldetik, irudi korporatiboa egiteaz arduratu dira. Lehen Hezkuntzako sei ikastetxeetako bakoitzari Zuloaga Institutuko edo La Salleko Batxilergo Artistikoko lantalde bat egokitu zaio, harekin elkarlanean irudi korporatiboa proposatutako izenarekin ahalik eta ondoen bateratzea lantzeko.

Erlazionatutako elementua