Eibartarrek erabakiko dute beren proposamenekin non inbertitu 800.000 euro

2017/11/06
Udalak prozesu parte-hartzaile bat jarriko du abian: herritarrek proposamenak egin ahal izango dituzte, bileretan egokienak aukeratu eta bozketaren bidez zeintzuk gauzatuko diren erabaki. Inbertituko den dirua modu ekitatiboan banatuko da zortzi herriguneetan.

Eibarko Udalak abian jarriko du “aurrekontu parte-hartzaile” prozesu bat 2018 urteko udal aurrekonturako; herritarrek erabaki ahal izango dute zer inbertsio egingo diren udalerriko herriguneetan, Udalak berak zehaztutako muga ekonomiko baten barruan. Joan zen asteleheneko Osoko Bilkuran onartuta, proposamena martxan da dagoeneko.

Prozesu honekin, eibartarrek zuzenean erabakiko dute nola inbertitu 2018ko udal aurrekontuen 800.000 euro. Diru kopuru hori modu ekitatiboan banatuko da udalerriko zortzi herrigune hauetan: beheko aldea, erdi-behe aldea, erdigunea, Legarre, Ipurua, Urki, Amaña eta baserri-auzoak. Dirua banatzeko irizpide hau jarraituko da: 50.000 euro finko herrigune bakoitzerako eta gainerako 400.000ak herrigune bakoitzaren biztanleria kopuruaren arabera.

Prozesuan parte hartzeko, 2017ko azaroaren 1ean 16 urte edo gehiago izan eta Eibarren erroldatuta egon behar da. Bakarrik parte hartu ahalko da erroldatutako herrigunean, eta ez beste batean. Proposamenak aurkeztu ahalko dira eta horietatik aukeratutakoak bozkatu. Fase horretan, herrigune bakoitzean postontzi bat jarriko da proposamenak egiteko.

Ondoren, aukeraketa-fasea etorriko da herriguneetan egingo diren bileretan. Eta, azkenik, bozketa egingo da Pegoran, Herritarren Zerbitzurako Bulegoan, horretarako jarriko diren hautestontzietan.

Prozesuaren lidergoak hiru zutabe izango ditu. Lehenik, lidergo politikoa, Alkatetzari eta Ogasun zinegotziari dagokiena. Bigarrenik, “Talde Eragilea” izenekoa, Bozeramaleen Batzarreko kideek eta Ogasun zinegotzi andreak osatua, kide iraunkor gisa. Taldeko partaideek herriko eta/edo herriko elkarte-sareko pertsona ezagunek bertan parte hartzea proposatu ahalko dute. “Talde Eragile” honen zeregina izango da prozesuaren bilakaera aztertzen joatea eta metodologiari dagozkion erabaki egokienak hartzea.

Balorazio Teknikoaren lantalde bat ere egongo da, herritarrek egindako proposamenak baloratzeko ardura izango duena, juridikoki, teknikoki eta ekonomikoki, haien bideragarritasuna zehazteko. Alkateak izango du lidergoa eta bertan egongo dira proposamenak gauzatzeko ardura duten sailetako ordezkariak, udal idazkariarekin eta kontu-hartzailearekin batera.

Prozesuaren urratsak

Hasierako urratsean, “Talde Eragilea” eratuko da eta egutegia finkatu; beharrezkoa den azpiegitura teknikoa prestatuko da eta prozesuaren berri emango da herritarren artean. Hurrengo urratsean, proposamenak egingo dira herriguneetan jarritako postontzietan. Proposamenak aurkezteko, inprimaki bat sortuko da udal webgunean eta Pegoran eskuragarri egongo dena (proposamenak sartzerakoan, beharrezkoa izango da NANaren fotokopia eranstea, egiaztatzeko ideia aurkezten duena herrigune horretan erroldatuta dagoela eta proposamena herrigune horri dagokiola).

Pertsona bakoitzak egokien deritzen proposamenak aurkeztu ahal izango ditu eta webgunera igoko dira denak, herritar guztiek haien berri izan dezaten; erretiratu egingo dira honelako proposamenak: udal eskumenekoak ez direnak, proposamena egiten duen pertsonaren herrigunekoa ez direnak, edo —herri-proiektu zabalago bati erantzuteagatik— herrigunearen mugaz kanpokoak direnak.

Hurrengo urratsean proposamenak aukeratuko dira. Horretarako, bilerak egingo dira gune bakoitzean, aurkeztutako ideiak aztertu dira eta lehentasunak ezarri. Aurkeztutako proposamen kopurua eta bileretan ezarritako lehentasunak aztertu ondoren, Talde Eragileak zehaztuko du zenbat pasako diren balorazio teknikoaren fasera, hamar proposameneko kopurua erreferentzia gisa hartuta.

Hortik aukeratutakoen balorazio teknikoaren urratsera pasatuko da; Udaleko Balorazio Teknikoaren Lantaldeak baloratuko du proposamenen bideragarritasuna, ikuspegi juridiko, tekniko eta ekonomikotik aztertuta. Balorazio horren emaitza publikoki ezagutzera emango da.

Hurrengo urratsean, herritarrek proposamenak bozkatuko dituzte (bideragarritzat jo direnak) erabakitzeko zeintzuk sartzen diren 2018ko udal aurrekontuan. Bozketa (nork bere burua identifikatu beharko du) aurrez aurre egingo da udaletxean. Behin boto-emailearen identitatea eta ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren, dagokion herriguneko txartela emango zaio; txartelean, herriguneko 10 proposamen jasoko dira gehienez eta haietatik hiru aukeratu beharko ditu gehienez ere.

Azkenik, Udalak konpromisoa hartu du 2018ko aurrekontuan boto gehien lortutako proposamenak sartzeko, betiere ezarritako muga ekonomikoaren barruan badaude; horretarako, aurrekontuan gai honi dagokion zenbateko gordeko du. Gobernu Batzordeak, Balorazio Teknikoaren Lantaldeak eta Talde Eragileak onartutako proposamenen jarraipena egin eta prozesu osoa ebaluatuko dute, esperientziatik ikasiz eta egin ahalean berau aberastuz eta osatuz. Halaber, udal webgunean proiektu bakoitzaren jarraipen-koadro bat egongo da.

Eibartarrek erabakiko dute beren proposamenekin non inbertitu 800.000 euro

Herritarrekin egindako bilera Coliseoan 2016an.