Eibar, Euskadiko laugarren udalerri gardenena, Dyntra plataformak egindako ikerketa baten arabera

Eibar, Euskadiko laugarren udalerri gardenena, Dyntra plataformak egindako ikerketa baten arabera

Miguel de los Toyos Alkatea eta Ana Telleria, Ogasuneko zinegotzia eta Gobernua Zabalik Ordezkaritzako arduraduna.

2018/10/19

Ikerketa horretan, 15.000 biztanletik gorako Euskadiko udalerrien gardentasun maila ebaluatu da. Emaitzen arabera, Eibarko Udala laugarren postuan kokatu da, euskal hiriburuen ondoren, % 81,76ko puntuazioarekin. Gipuzkoan, berriz, bigarren udalerri gardenena da gurea; Estatu mailan, 21. postuan kokatzen da, 459 udalerritatik.

Dyntra Plataformak “Dyntra: Euskadiko Udaletxeak” izeneko ikerketa argitaratu berri du; 15.000 biztanletik gorako Euskadiko udalerrien gardentasun maila modu dinamikoan aztertzea du xede. Hala, aurreko asteartean, urriak 16, argitaratutako ikerketa horren emaitzek adierazten dute Eibarko Udalak % 81,76ko puntuazioa lortu duela (gaur ostirala, urriak 19, % 83,65ekoa da puntuazioa). Horrek esan nahi du gure udalak “oso ongi bat atera duela gardentasunean", Dyntrako estandarren arabera.

Gauzak horrela, Eibar laugarren postuan kokatzen da Euskadi mailako rankingean eta Dyntrak zehaztutako 159 adierazletatik, 133 betetzen ditu; Gipuzkoan bigarren udalerririk gardenena da, Donostiaren atzetik; eta Estatu mailan 21. postuan kokatzen da, orain arte aztertu diren 459 udalerrietatik. Bestalde, Gasteiz, Bilbo eta Donostia lehen postuan geratu dira Euskal Herriko DUU Rankingean (Dyntra Udaletxeak eta Udalerriak), % 88,68ko puntuazioarekin.

Aipatutako ikerketan sei atal nagusi izan dira kontuan eta Dyntrak neurtzen dituen adierazleak honelaxe betetzen ditu, oraingoz, gure udalak: “Udal gardentasuna” (% 79,03); “Herritarren parte-hartzea eta kolaborazioa” (% 72,73); “Gardentasun ekonomiko-finantzarioa” (% 100); “Zerbitzuen kontratazioa” (% 93,33); “Hirigintza eta obra publikoak” (% 85); eta “Datu irekiak” (% 100).

Eibarko alkate Miguel de los Toyosen hitzetan, “ikerketa horretan lortutako emaitza onek gure hiria erreferente bihurtu dute, Donostia, Bilbo eta Gasteizekin batera, eta argi erakusten dute, beste behin, gure konpromiso sendoa gobernu onarekiko eta indarrean dauden gardentasun legeak baino haratago joan nahi dugula. Gainera, Dyntrak egindako ikerketa horrek aukera ematen digu gure benetako egoera zein den ezagutzeko, eta lortutako emaitzak onak badira ere, badugu oraindik hobekuntzarako tartea”.

Eibarren atzetik, Getxo eta Barakaldo geratu dira bosgarren eta seigarren postuan ranking edo sailkapenean, hurrenez hurren, eta, pixka bat beherago, Durango eta Leioa. Bestalde, Gernika eta Sestaoko udaletxeak geratu dira azken posizioetan.

Euskal Herriko 30 udaletxetatik 8k gainditu dute gardentasunean

Dyntrak kaleratu duen rankingean adierazten denez, aztertu diren Euskal Herriko 30 udaletxetatik, bakarrik zortzik gainditu dute gardentasunean eta beste 22ek ez. Hau da, udaletxeen % 26,7k bakarrik gainditu du gardentasunean eta beste % 73,3ak ez, Dyntrako estandarren arabera.

Bestalde, Euskadiko ikerketaren emaitzek adierazten dute adierazleen betetze-maila, orokorrean, % 42,73koa izan dela eta, horrenbestez, euskal erakundeek ez dutela gainditzen gardentasunean, Dyntrako estandarren arabera. Hala ere, Euskal Herriko udaletxeen batezbesteko betetze-maila estatukoarena baino 8 puntu altuagoa da; azken horren batezbestekoa % 34,78koa zen, txostena argitaratu zenean.

Gardentasuna eta Gobernu Irekia

Dyntra plataforma Gardentasuna eta Gobernu Irekia sustatzeko helburuarekin sortu zen, ebaluazio-metodologia dinamikoa erabiliz, administrazioen eta erakunde publikoen ahalegin iraunkorra bultzatzeko. Horretarako, baloratzen ditu gardentasunerako legeen eskakizunen betetze maila, gardentasunaren eta gobernu onaren praktika onak eta herritarren eskaerak, gardentasunerako Dyntra indize bakoitzean zehaztutako estandarren bidez.

Eibarko Udalak, bere aldetik, gardentasunarekin, datu irekiekin eta parte-hartzearekin lotutako edukiak argitaratzen jarraituko du, orain  arte bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoa Irekia plataforman eta Gobernua Zabalik: gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta datu irekiak mikrositean (erderaz, “Gobierno Abierto: transparencia, participación ciudadana y datos abiertos”), www.eibar.eus/eu/gobernua-zabalik helbidean.