'Aurrekontu parte-hartzailea 2018': Udalak hainbat bilera egingo ditu herritarrek auzo edo gune bakoitzean egindako proposamen onenak aukeratzeko

2018/09/26

Lehen fasean, ekainaren 11tik uztailaren 13ra bitartean, 149 herritarrek beren hobekuntza proposamenak egin zituzten, prozesu honekin, 2018ko udal aurrekontuetako 800.000 euro non inbertitu erabakitzeko. Inbertsio-proposamen guztiak aztertu ondoren, orain, horien guztien artean, onenak aukeratzeko sasoia da. Horretarako, irailaren 27tik urriaren 25era, hainbat bilera egingo dira Udaletxeko patioan, 19:00etatik 20:30era. Auzo edo gune bakoitzeko bizilagunek egun zehatz bat izango dute dagokien bilerara joateko. Bertan, proposamen-egile bakoitzak auzotarrei bere proposamena aurkeztuko die.

Eibarko Udalak hainbat bilera egingo ditu auzo edo gune bakoitzeko eibartarrek, ekainaren 11tik uztailaren 13ra, Aurrekontu Parte-hartzailea 2018: Zure Txanda! prozesuaren baitan egindako proposamen onenak aukeratzeko. Bilera guztiak Udaletxeko patioan izango dira, irailaren 27tik urriaren 25era bitartean, 19:00etatik 20:30era. Auzo edo gune bakoitzari egun bat egokitu zaio: Ipurua, irailaren 27a; Legarre, urriaren 1a; erdigunea, urriaren 2a; Urki, urriaren 8a; Amaña, urriaren 15a; erdigune-ekialdea, urriaren 22a; eta ekialdea, urriaren 25a.

Prozesu honekin, eibartarrek erabakiko dute 2018ko udal aurrekontuetako 800.000 euro nola inbertitu. Kopuru hori biztanle-kopuruaren arabera banatu da herriaren zortzi populazio-guneen artean: ekialdea (119.571 €), erdigune-ekialdea (106.695 €), erdigunea (134.114 €), Legarre (76.071 €), Ipurua (102.055 €), Urki (103.461 €), Amaña (100.822 €) eta baserri-auzoak (55.524 €).

Bilera guztiak dinamika parte-hartzaileak zuzentzen eskarmentu handia daukan kanpoko enpresa batek gidatuko ditu. Bilera horietan, bertan egon eta proposamenak egin dituzten herritarrek, aukera izango dute auzotarrei beren inbertsio-proposamenak aurkezteko eta zalantzak argitzeko. Halaber, talde txikiak antolatutako dira aurkeztutako proposamen bakoitzaren lehentasunak aztertu eta eztabaidatzeko. Azkenik, talde bakoitzak proposamen guztien lehentasun-ordena zehaztuko du, eta bateratze-lan bat egin ostean, proposamenak lehenetsiko dira.

Udaleko Bozeramaileen Batzarreko kideekin batera, aurrekontu parte-hartzaileen “Talde Eragilea” lantaldeko kide eta Ogasuneko zinegotzi den Ana Telleriaren hitzetan, “datozen egun eta asteotan Udalak antolatu dituen bileretan herritarrak izango dira protagonista eta helburua da hausnartzea, hitz egitea, bakoitzak ahal duen heinean laguntzea eta hurrengo fasera joan behar diren proposamenak zeintzuk izango diren erabakitzea; izan ere, auzo edo gune bakoitzeko bizilagunek dakite ondo zer behar duten hobetzeko”.

149 proposamen

Lehen fasean, guztira, 149 proposamen jaso ziren: Amañan, 20; Urkin, 16; Legarren, 9; erdigunean, 14; erdigune-ekialdean, 6; ekialdean, 23; Ipuruan, 32; eta beste bi baserri-auzoetan. Bestalde, ez ziren ontzat eman jaso ziren 5 proposamen –proposamen orriarekin batera, NANa edota dokumentu baliokidea aurkeztu ez izanagatik– eta beste 23 aztertu behar izan zituzten eta biztanleen udal erroldan beharrezkoak ziren egiaztapenak egin, proposamenak egin zituzten pertsonen NANean jasotako informazioa eta erroldatuta dauden auzoa bat ez datozelako. Izapide honetan, beste bost proposamen bertan behera geratu ziren.

Proposamen guztiak eibar.eus udal-webguneko “Aurrekontu parte-hartzailea 2018” atalean argitaratu dira dagoeneko, laburpen-taula batean. Hala, datu pertsonalen babesa bermatu nahi da eta herritarrei aukera eman parte-hartze prozesua jarraitzeko

Prozesuaren lidergoa

“Talde Eragilea” izenekoaz gain, prozesuaren lidergoak beste bi zutabe izango ditu. Lehenik, lidergo politikoa, Alkatetzari eta Ogasun zinegotziari dagokiena. Bigarrenik, Balorazio Teknikoaren lantalde bat ere egongo da, herritarrek egindako proposamenak baloratzeko ardura izango duena, juridikoki, teknikoki eta ekonomikoki, haien bideragarritasuna zehazteko. Alkateak izango du lidergoa eta bertan egongo dira proposamenak gauzatzeko ardura duten sailetako ordezkariak, udal idazkariarekin eta kontu-hartzailearekin batera.