Eibarko Udala
Euskararen Eguna

Eibarren abenduaren 3an ospatuko den Euskararen egunerako hainbat ekintza prestatu dira

2025/12/02
Kartela.

Eibar euskaraz 365 egun.

Eibarren Akebaik, ...eta Kitto! Euskara Elkarteak, eta Eibarko euskalgintzak, Eibarko Udalarekin elkarlanean,  abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunerako hainbat ekimen antolatu dira. Egun honek euskararen presentzia eta erabilera indartzeko balio du, bai udaleko zerbitzuetan, bai eibartarren eguneroko bizimoduan.

Aiora Arrieta Euskara zinegotziak halaxe dio: “Eibartar guztiak animatu nahi ditut Euskararen Nazioarteko Eguneko ekintzetan parte hartzera. Aukera ederra da gure hizkuntza aldarrikatzeko, eguneroko erabilera indartzeko eta adin guztientzako prestatutako jarduerak elkarrekin gozatzeko. Euskara gure identitatearen parte da, eta denon artean emango diogu bizia. Zatoz gurekin ospatzera!”.

Udalak bere konpromiso irmoa berretsi du euskararen normalizazioan aurrera egite aldera, eta eibartar guztiei dei egiten die eguneroko jardunean euskararen erabilera sustatzera, hizkuntzaren transmisioan laguntzera eta antolatutako jardueretan aktiboki parte hartzera.

Abenduaren 3rako Mintzodromoak daude antolaturik Untzagan; goizeko Mintzodromoa ikastetxeekin egingo da, eta, arratsaldez, 18:00etan, irekia izango da herritar guztientzat. Aurten, iazko eskariei erantzunez, Mintzodromoko partaideei mokadutxo bat eta edateko zerbait emango zaie. Jarduera amaiturik, 19:00etan, Emaiozu berbia euskeriari ekintza irekia ere egingo da Untzagan.

Aurten, herriko elkarte eta eragileek hainbat kultur ekitaldi eta tailer antolatu dituzte Eibarko hainbat gunetan. Jarduera horien helburua da euskara herrian bizirik egotea eta erabiltzea, eta hizkuntzaren balioa modu parte-hartzailean zabaltzea.

Eibarko Udalak eskerrak eman nahi dizkie herriko elkarteei eta eragileei egindako lanagatik, eta eibartarrei gonbita egiten die Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzera, elkarrekin euskararen etorkizuna sendotuz.