Kalean da Euskaraldiko abestiaren Eibarko bertsioa eta bideoklipa

Protagonista nagusiez gain (Jon Alonso, Koro Gaztea eta dantza-taldeak), bideoklipean Eibarko hainbat talde eta eragile ere agertzen dira, bai eta deialdi irekiaren bitartez Untzagara hurbildu ziren herritarrak.
Argitaratu dute jada Euskaraldiko abesti ofizialaren Eibarko bertsioa eta bideoklipa.
Jon Alonso abeslariak jarri dio ahotsa Bulego taldearen Gure bihotzaren taupadak abestiari, ODE Taldeko kideen eta Eibarko Koro Gaztearen laguntzarekin.
Bideoklipari KAXA eta Eibarko Dantza Eskola taldeek jarri diete koreografia, eta bideoan Eibarko hainbat talde eta eragile agertzen dira: hala nola, …eta kitto! Euskara Elkartea, Arrate Kultur Elkartea, Kezka Dantza Taldea eta Eibarko Udal zinegotziak. Horiez gain ere, grabaketa eguneko deialdi irekira hainbat eibartar hurbildu ziren, eta Untzaga plazan hartutako irudi horiek ere jasota geratu dira bideoan.
Bideokliparen grabaketa eta muntaia Ara-Lar Visuals enpresako langileek egin zuten Akebairen gidaritzapean, berori izan baita proiektu honen guztiaren ekoizlea.
Bideoklipa YouTuben ikusteko, zabaldu esteka hau. Instagramen ikusteko, beste esteka hau.
Aurtengo Euskaraldian norbanako edo entitate moduan izena emateko, jo Euskaraldiaren webgunera. Izen-emate epea ariketa amaitzen den arte (maiatzaren 25a) egongo da zabalik.