Eibarko Udala urratsak ematen ari da Euskararen Normalizazio Planaren barruan

Eibarko Udalak Euskara Plana bultzatzeko ekimenak martxan jarri ditu. Horien artean, herriko paisaia linguistikoa euskalduntzea dago. Eta, zentzu horretan, azkeneko esku-hartzea Eibarko semaforoetako seinaleak euskaratzea izan da.
Eibarko Udalak euskararen normalizazioa bultzatzea du helburu uneoro; Euskara sailetik, Aiora Arrieta presidenteak azpimarratzen du: “Urratsez urrats Eibarren euskararen normalizazioaren alde lanean ari gara. Gure helburu nagusiak euskara sustatzea eta erabilera herrian bermatzea dira, besteak beste. Pausu txikiak izan arren, herriko paisaia linguistikoa euskalduntzea garrantzikoa da.Denon artean Eibar herri euskaldunago bat izatea lortu nahi dugu; gure hizkuntzaren balioa aldarrikatuz.”.
Horregatik, Eibarko Udalak herritarrak animatu nahi ditu Eibarren AKEBAIk sortutako ASTINDU (Eibarko hizkuntza eskubideen ataria) plataformaren bidez herrian hizkuntzari dagozkion gorabeherak konpontzeko iradokizunak egin, kexatu edo zalantzak argitu ditzan.