Abian da 2025eko Euskaraldia

Maiatzaren 15ean hasi eta maiatzaren 25a arte egongo da martxan ariketa sozial kolektiboa, euskaldunon hizkuntza-ohiturak aldatzeko eta euskara hauspotzeko asmoarekin.
Hasi da 2025eko Euskaraldia! Atzoko egunez (maiatzaren 15a) hartu zuen martxa ariketak, irauten duen 11 egunetan herritarren hizkuntza-ohiturak aldatzea eta euskara hasupotzea helburu nagusi hartuta. Txapa izango da helburu hori bete ahal izateko ezinbesteko bidelaguna.
Eibarren ariketa denok elkarrekin hasi ahal izateko Akebaik ekitaldi berezia antolatu zuen Untzaga plazan. Aldez aurretik, Latuna Bando txarangak kalea girotu zuen, gero Untzagako oholtzan amaitu eta ekitaldiari hasiera emateko.
Irati Alvarez aurkezleak gidatu zuen ekitaldia, eta Eibarko Hamaikakoa ere bertan izan zen. Hamaikakoko hiru kidek (Soko Baskaran, Iosune Garro eta Aitor Muniozguren) manifestu bat irakurri zuten, eta jarraian, Jon Alonso abeslariak, ODE Taldeko kideekin eta Eibarko Koro Gaztearekin, Gure bihotzaren taupadak abestiaren Eibarko bertsioaren zuzeneko emanaldia eskaini zuten. Emanaldia eta gero, Ahobizi eta Belarriprest-ek txapa-janzte kolektiboa abiatzeko suziria bota zuten. Ekitaldia amaitu ostean, Latuna Bando txarangak jarraitu zuen, kaleko giroa aprobetxatuta.
Gogoratu Euskaraldia jada hasi bada ere, oraindikan izena eman eta txapa jasotzeko aukera dagoela (maiatzaren 25ean ariketa amaitzen den arte).
Izena emateko, jo Euskaraldiaren webgunera, eta Eibarren txapa non jaso daitekeen ikusteko, esteka honetan dago zerrenda.