Eibarko Udala

2026ko martxoaren 8a: Aliantza Feministak. Beste mundu bat feminismotik

MARTXOAK 8KO LANTALDEA

Martxoaren 8ko lantaldeak Aliantza Feministak. Beste mundu bat feminismotik adostu du egitarauaren ardatz bezala.

Lantaldearen helburua da martxoaren 8ko egitaraua kolektiboki antolatzea. Lantaldea, 9 urteko ibilbidea duen arren, oraindik eraikitze- eta egonkortze-prozesuan dago.

Aurten ere, Martxoaren 8aren aterpean, Eibarko emakumeen eskubide-berdintasuna eta feminismoa aintzat hartzea eta aitortzea dugu helburu. Mota askotako jardueren bidez, diskriminazio-egoerekiko kontzientziazioa eta eraldaketa sustatuko ditugu.

Urtero osatzen dugun egitaraua gai ardatz bati lotuta egoten da, hain zuzen, parte-hartzaileen artean adosten den gai bati lotuta. Aurten, garrantzi berezia eman nahi diegu Aliantza Feministei, ikuspegi integratzaile eta dekolonial[1] batetik landuta.

Feminismoa eraldaketarako (politikoa, soziala, ekonomikoa, harremanetakoa ...) ezinbestekoa den paradigma eta mugimendu soziala da, gero eta konplexuagoak diren zapalkuntza-mekanismoei eta botere-harremanei aurre egin nahi diena, eta diskurtso LGTBIfobikoak, arrazistak eta klasistak desagerrarazteko lanean ari dena. Horregatik, aliantza feministak sortzea eta indartzea proposatzen dugu, estrategia kolektibo gisa.

Sistema zisheteropatriarkal[2] batean bizi gara, non ikuspegi kapitalista, kolonialista eta arrazista sustatzen diren. Feminismotik aldaketarako proposamen eta aldarrikapen bateratuak egin ditzakegu. Izan ere, LGTBIfobiak eta arrazakeriak lekurik izango ez duten indarkeria matxistarik gabeko bizitzen alde egin nahi dugu.

Aliantza feministen helburua da egungo desberdintasunei eta bidegabekeriei aurre egitea. Hau da, sareak ehunduz, gizarte demokratikoagoa, gizatiarragoa eta bidezkoagoa sortzea. Eta, horrenbestez,  pertsonak eta zaintzak lehen planoan jarriko dituen jendarte baterantz abiatzen hastea.

Aliantza horietatik lortuko dugu genero-harremanak eraldatzea. Aldi berean, emakumeen mendekotasuna, desberdintasunak eta bazterketa desagerraraziko ditugu. Horrela deuseztuko dugu indarkeria sexista, bakoitzaren identitateak, gorpuztasunak eta desioak errespetatuz, nahiz eta genero-arauekin bat ez etorri.

Azken urteetan egindako greba orokor feministak aliantza feministen adibide dira. Grebaren kontzeptuari esanahi berri bat eman zaio, eta emakumeok borroka politikoaren erdigunean jarri gaituzte.


[1] Dekolonialismoa: Dekolonialismoa pentsamendu-korronte bat eta kolonizazioa kritikatzen duen proiektu politiko bat da. 
Kolonialismoan zehar nagusitu ziren eta egungo gizartean irauten duten botere-egiturak gainditu nahi ditu.
Hierarkiak deseginda (arrazan, generoan edota ezagutzan oinarritutakoak), mundu bidezkoagoa, anitzagoa eta ekitatiboagoa
eraiki nahi du. Horrela, tokiko jakintzak eta mendebaldekoak ez direnak berreskuratu nahi dira.
[2] Zisheteropatriarkatua: gizon heterosexual zisgeneroa lehenesten eta normalizatzen duen sistema sozial eta kulturala da. 
Zisgenero kontzeptuak adierazten du genero-identitatea jaiotzean esleitutako sexuarekin bat etortzea.

Esandako guztiagatik, aliantza feministak sortzeko eta indartzeko programatutako jardueretan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, herri eta jendarte feminista eraikitze bidean.