Udalak, herriko entitate eta elkarterekin batera, jarduera-programa zabala antolatu du Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira
Datorren martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta, Eibarko Udalak, Berdintasun Sailaren bitartez eta hiriko hainbat erakunde eta elkarterekin batera, martxoan zehar garatuko diren hainbat jarduera antolatu ditu.
Gaur prentsaurrekoan aurkeztu dute programazioa Jon Iraola alkateak eta Patricia Arrizabalaga Berdintasun zinegotziak, bai eta Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek eta martxoaren 8ko ospakizunetarako sortutako lantaldeak ere. Lantalde horretako kide dira Udala bera, Emakumearen Mahaia, Eta Kitto elkartea, Arrate Kultur Elkartea eta Eibar Kirol Elkartea.
Programaren aurkezpenean, Jon Iraola alkateak esan du antolatutako jardueren helburua dela “emakumeak etxean zein kanpoan izan duen zeregin garrantzitsua ikusaraztea, eta baita merezi duen balioa ematea ere". Nabarmendu duenez, “helburu horrekin programa osoa eta askotarikoa diseinatu dugun arren, benetako berdintasunaren aldeko lana eta konpromisoa urte osoan zehar igarri behar da, ez bakarrik egun hauetan baizik eta urte osoan, eta ahalegin horretan Eibar eta inguruetako elkarteetan lan egiten duten erakundeak ezinbestekoak dira. Benetako berdintasuna lortzeak denon lana eta elkartasuna eskatzen ditu.
Zentzu horretan, Patricia Arrizabalaga Berdintasun zinegotziak azpimarratu du “Eibarren Berdintasun arloarekin inplikatutako elkarte-sarea dugu. Eibarko mugimendu feministak, zeinaren lekuko izaten garen M8 eta A25 bezalako egunetan, erakusten digu asko garela Berdintasunaren alde borrokatu nahi dugun taldeak, entitateak eta erakundeak, eta gure aletxoa jarri nahi dugula”, eta zera gaineratu du: “M8rako antolatu dugun programa gure arteko batasun horren isla da argi eta garbi”.
Jarduera aipagarrienetako bat antolatu den erakusketa da. Bihartik aurrera bisitatu ahal izango da eta martxoaren 31 arte egongo da ikusgai Portalean; honako izenburu hau izango du: «Berdintasunerako bide luzea: Euskadiko emakumeak XX. mendean».
Bihar, osteguna, 19:00etan inauguratuko den erakusketan, 1900. urtetik 1985. urtera emakumeek gainditu behar izan dituzten zailtasunak eta oztopoak islatzen dira. Irudi, ahots, dokumentu eta objektuen bidez, emakumeek beren eskubideen eta benetako berdintasunaren alde egin duten eta egiten jarraitzen duten borroka gogorra kontatzen du erakusketak.
Erakusketaren eduki nagusia EHUk eta Mario Onaindia Fundazioak egindako lanean oinarrituta dago. Ego Ibarra Batzordeak antolatu du, Berdintasun Batzordearekin, EHUrekin eta aipatutako fundazioarekin batera. Erakusketa gazte jendeari dago zuzenduta nagusiki eta mezu garbi bat du: oraindik egiten ari garen bidea, berdintasunerako bidea, luzea da, eta berehala gal daiteke lortzea asko kostatu dena.
Udalak, bestalde, bat egin du martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, antolatuko diren eta Martxoak 8 Plataforma osatzen duten elkarteek sustatzen dituzten jarduerekin; besteak beste, egun horretan Untzaga plazan 19:00etatik aurrera egingo den ohiko kontzentrazioarekin.
Bestalde, martxoaren 15ean, 19:00etan, “Erotik, berotik, zerotik” izeneko helduentzako ipuin-kontaketa saioa egingo da Topalekuan, Ixabel Agirresaroberen eskutik. Eta Kitto! Euskara Elkarteak sustatu eta finantzatutako jarduera bat da.
Martxoaren 21ean eta 31ra arte Errebal Plazan Lehen hezkuntzako ikasleei zuzendutako “Itsaspeko bihotzak” erakusketa ikusi ahal izango da.
Gainera, martxoaren 23an, ‘Andrezaharraren manifestua’ liburuaren aurkezpena egingo da, eta ondoren solasaldi bate egongo da Mari Luz Esteban eta Ainhoa Aldazabalen eskutik. Ekitaldia Arrate Kultur Elkarteak sustatua, Portaleko areto nagusian izango da 18:30ean.
Azkenik, martxoaren 24an, mahai-inguru bat egingo da “Emakumea eta Kirola. Eta orain, zer?” izenarekin; , Bertan Eibarko emakume kirolariek hartuko dute parte eta Ipuruako futbol-zelaiaren instalazioetako 13 prentsa-aretoan egingo da. Jarduera hori Eibar Kirol Elkarteak antolatu eta finantzatu du.
Azkenik, Juan San Martin Liburutegiak, Berdintasun-Andretxea zerbitzuarekin lankidetzan, martxoaren 8arekin eta emakumeekin lotutako irakurketa-gida bat prestatu du.