Eibarko Udala
Andretxea

Programazio zabala eta askotarikoa prestatzen ari dira Andretxean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunari begira

2024/10/25
Jon Iraola alkatea eta Sonia Archeli Berdintasuneko eta Gizartekintzako zinegotzia.
Jon Iraola alkatea eta Sonia Archeli Berdintasuneko eta Gizartekintzako zinegotzia.
Azaroan zehar egingo dira programatutako ekintzak. Jarduerak Andretxean izango dira.

Eibarko Udalak jarduera-programa zabala antolatu du Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunerako, azaroaren 25erako, alegia. Azaroan zehar hainbat ekimen izango dira, herritarrak gizarte bidezkoago eta berdintasunezkoago baten aldeko borrokan inplikatzea helburu dutenak. 

Sonia Archeli Berdintasun zinegotziaren hitzetan, “programa hau emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak desagerrarazteko dugun konpromiso sendoaren isla da. Ezin dugu ezikusiarena egin hainbeste pertsonari eragiten dion errealitate honen aurrean.  Artearen, hezkuntzaren eta ekintza kolektiboaren bitartez, jendartean kontzientzia kritikoa sortu nahi dugu, erabiltzen diren indarkeria mota guztiak ikusgai jarriz eta jendarte berdinzaleago baten alde eginez. Herritaren parte-hartzea funtsezkoa da denok behar dugun aldaketa bultzatzeko”.

Aipagarriak dira defentsa feministan aditua den Maite Monroy-ren ekitaldia eta “Autodefensa feminista: más allá de aprender a decir no” haren liburuaren aurkezpena, zeinean ahalduntze-eta autodefentsa-estrategien gaineko azterketa egiten duen.       Azaroaren 14an izango dira biak.

Azaroaren 21ean, bestalde, Sara Arruti eta Maider Galardi adituek hitzaldia emango dute,  Sexu Askatasunaren Berme Integralaren Legearen (“Bai da bai Legea” izenez ere ezaguna) ñabardurak argitzeko.

Programazioaren barruan antzerkia ere badago, Ttipia konpainiaren "Una bofetada no es nada” antzezlana, azaroaren 22an. Antzezpen horrek genero-indarkeriaren sotiltasunak azaltzen ditu, askotan minimizatu egiten direnak.

Azaroaren 25ean, ospakizunaren egun nagusian, funtsezko bi ekintza egingo dira: batetik, ekintza kolektibo bat izango da 11.30ean, Altzoa alargunen taldearen eskutik, bestetik, elkarretaratze bat Untzaga plazan, 18:30ean. Ekintza bi horien bitartez, eibartarren babesa erakutsi nahi da emakumearen kontrako indarkeriaren aurrean. Azkenik, Irantzu Pastor eta Igone Mariezkurrenaren Lumineszenteak erakusketa azaroaren 28an inauguratuko da, genero-indarkeriari arte-ikuspegitik ere heltzeko asmoz.

Eibarko Udalak egun honen garrantzia azpimarratu nahi du, baita herritarren konpromisoarena ere. 

Antolatutako jarduerak publiko guztiari zuzenduta daude eta hausnarketarako, erresistentziarako eta elkartasunerako guneak sortzea dute helburu.