Eibarko Udala
Andretxea

Erakusketak eta tailerrak: ahalduntzerako eta gogoetarako proposamenak Andretxean 2025eko udaberrirako

2025/01/30
Jon Iraola, Eibarko alkatea, eta Elena Ibañez, Berdintasuneko zinegotzia.
Jon Iraola, Eibarko alkatea, eta Elena Ibañez, Berdintasuneko zinegotzia.
Tailerrak eta hitzaldiak antolatu dira emakumeak eta beste hainbat kolektibo ahalduntzeko, bai eta literaturaren eta formazioaren bidez hiria eraldatzeko ere. Tailer eta jarduera guztietarako izen-ematea otsailaren 1etik 23ra bitartean egingo da, Udalaren eta Andretxearen webguneetan.

Eibarko Udalak, Andretxearen bitartez, programazio zabala aurkeztu du ostegun honetan egindako prentsaurrekoan, datozen hilabeteei begira. Gai garrantzitsuak jorratuko ditu, hala nola ekologismoa, feminismoa, LGTBIQ+ eskubideak eta emakumeen ahalduntzea, betiere ikuspegi kritiko, dekolonial eta feminista batetik.

Lehenengo erakusketa Bizitza Onerako alternatibak otsailaren 3an inauguratuko da, 18:00etan. Proiektu hau Lumaltik kolektiboak egin du, tokiko hainbat talde ekologista, feminista eta antiarrazistarekin batera, bai eta Erdialdeko Amerikako lurraren emakume defendatzaileekin batera ere. Erakusketa honen bidez, apirilaren 29ra arte zabalik egongo dena, gogoeta egin nahi da gaur egungo bizimoduaren inguruan, Ondo Bizitzea kontzeptu latinoamerikarrean inspiratuta. Bigarren erakusketa GU Ere Bagara izenekoak Getxoko LGTBIQ+ kolektiboaren benetako istorioen lekukotzak aurkeztuko ditu.  Erakusketa hau zabalik egongo da maiatzaren 5etik ekainaren 30era.

Azpimarratzeko moduko beste proiektu bat Kintsugi da. Proposamen honetan apurtutako zeramikazko piezak urre koloreko erretxinarekin konpontzen dira, sinbolizatuz  modu horretan hausturak indargune bilaka daitezkeela. Ziklo honetan hitzik gabeko liburuak irakurri eta komentatuko dira, album mutuei modu kolektiboan hitza eta ikusgaitasuna emateko.  Saioak Andretxean egingo dira martxoaren 4an, apirilaren 8an, maiatzaren 13an eta ekainaren 10ean. Saio guztiak euskaraz izango dira, Ainhoa Aldazabal Gallastegui dinamizatzaileak gidatuta. Izen-ematea zabalik dago otsailaren 1etik 23ra.

Txikienentzako espazio bat ere egongo da Itsaspeko Bihotzak programarekin: areto literario bat da, genero-berdintasuna jorratzen duena euskal haur-literaturaren bidez.  Tailer hau 5-8 urte bitarteko haurrentzat eta haien familientzat da, eta liburu espezifikoak erabiliko dira hezkuntza-tresna gisa. Inaugurazio-saioa otsailaren 25ean izango da, 17:30ean, Andretxean, Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartearen kontura.

Denboraldian zehar, Andretxeak hainbat tailer praktiko eskainiko ditu autonomia eta ahalduntze pertsonalari zein kolektiboari begira.  Hauxek dira nabarmenetakoak:

Kosmetika Naturalaren tailerra (martxoak 15 eta 29, apirilak 12, maiatzak 17 eta 24), ingurumenarekiko errespetua eta autosufizientzia sustatzen duena.

Autodefentsa Feminista (maiatzak 10). Ikastaro honetan emakume parte-hartzaileek eraso sexistak identifikatzen eta aurre egiten ikasiko dute.

Brikolea: biziraupenerako brikolaje tailerra (apirilak 23-ekainak 4). Tailer honetan etxeko konponketa ohikoenak nola egiten irakatsiko da.

Gainera, hitzaldiak ere antolatu dira, besteak beste, Zaintza sistema publiko komunitarioa Miren Arangurenen eskutik (martxoak 3), ONEKAren sorrera eta bilakaera (martxoak 18), eta Resistencia Romaní (apirilak 28); denak ere hainbat mugimendu sozialetako kideen parte-hartzearekin.

Jon Iraola alkateak programazioaren garrantzia nabarmendu du: “Andretxea gogoetarako eta ahalduntzerako funtsezko espazio bat bilakatu da gure hiriarentzat eta inguruko herrientzat.  Tailer eta jarduera hauek berdintasuna sustatzeaz gain, tresnak eta ezagutzak eskaintzen dituzte herritarrek gure errealitatea ikuspegi feminista eta dekolonialetik eraldatzeko. Udal gisa, ingurune bat sortu behar dugu, non pertsona guztiak, salbuespenik gabe, aldaketa sozial benetako eta jasangarri baten parte izango diren".

Elena Ibañez Berdintasun arloko zinegotziak arlo horretako udal teknikarien profesionaltasuna azpimarratu du, eta honako hau azpimarratu: “Haiei esker, programa zabal eta aberasgarria dugu", eta hauxe gehitu du: "Andretxea Eibarko herritar guztientzako topalekua da. Topaleku honetan pertsona guztiek dute lekua eta balio nagusiena berdintasunaren aldeko lana da”. Amaitzeko, zinegotziak dei egin herritarrei parte har dezaten eskatuz, berdintasunarekiko konpromisoa berretsiz eta herritarrei Andretxea ezagutzera gonbidatuz.

Tailer eta jarduera guztietarako izen-ematea otsailaren 1etik 23ra bitartean egingo da, Udalaren eta Andretxearen webguneetan dauden formularioen bidez. Jarduera guztiak zabalik daude herritarrentzat eta doakoak dira edo kostu sinbolikoa dute Eibarren erroldatutako pertsonentzat.

2025eko otsailetik ekainera bitarteko denboraldi honetarako Andretxearen programazioa espazio integral bat da, ahalduntzea, hausnarketa kritikoa eta herritarren parte-hartze aktiboa sustatu nahi duen gai erabakigarrietan, hala nola genero-berdintasunean, ingurumenarekiko errespetuan eta desberdintasun sozialen aurkako borrokan