Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Eibarrek

Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Eibarrek

2018ko martxoaren 8ko elkarretaratzea.

2019/03/08

Horretarako, Udalak martxoaren 8aren inguruko adierazpen instituzionala onartu du. Egun horretan, Eibarko Plataforma Feministak antolatu duen Greba Feminista izango da, hain zuzen ere. Emakumeen Egunaren inguruko ekitaldiak hilabete osoz luzatuko dira, Portalean ikusgai egongo diren hainbat erakusketekin eta Andretxeako 15. urteurrenarekin.

Urtero legez, Eibarko Udalak Martxoaren 8aren inguruko adierazpen instituzionala onartu du, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta. Testuinguru horretan, mugimendu feministak emakumeen nazioarteko greba-deialdi bat egitea erabaki du aurten ere, “Bizitzak Erdigunera!” lelopean. Grebaren xedea da emakumeen lanak gure gizartean duen eragina ikusaraztea eta lan hori aintzat har dadila eskatzea.

Aurten ere, emakumeen bizitzak jasangarri, libre, anitz eta duinak izateko eskaerak kaleak hartuko ditu. Udalak onartu duen adierazpenean zehazten denez, “beharrezkoa da emakumeen lan-prekarietatea eta pobrezia salatzea, indarkeria matxista guztien aurka egitea, eta bazterkeria eta arrazakeriari uko egitea”.

Gizarte honen barnean emakumeengan eragiten duten zapalkuntza eta diskriminazio-sistema guztiak desagerrarazteko lanean gure udaletik ere Martxoaren 8an Emakumeok planto egitea eta Bizitzak Erdigunean jartzea aldarrikatuko dugu.

Udalak onartu duen adierazpenean azaltzen da, besteak beste, “Eibarko Udalak ardura hartzen duela berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak burutzeko” eta, aldi berean, “ardura hartzen du zaintza-lanak bere politika publikoen erdigunean jartzeko”.

Onartutako testuan adierazten da, era berean, “Eibarko Udalak, Mugimendu feministak deitutako greba dela eta, ardura hartzen duela udaleko emakumezko hautetsi eta langileei greba egin ahal izateko erraztasunak emateko”.

Amaitzeko, adierazpenean jaso denez, “Udalak herritarrak deitzen ditu Emakumeen Nazioarteko Egunagatik Mugimendu feministak Martxoaren 8an deitutako mobilizazioetan eta ekitaldi desberdinetan aktiboki parte hartzera”.

Eibarko Udalak bat egingo du, gainera, martxoaren 8an herriko elkarte feministek antolatu duten elkarretaratzearekin, Untzaga plazan, 12.30ean. Bestalde, talde horiek antolatu duten manifestazio bat ere izango da, Untzagan, 20:00etan.

Emakumeen Egunaren inguruan antolatutako ekitaldiak

Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan antolatu den egitarauaren barruan, martxoaren 8ko greba feministaz gain, Berdintasun Zerbitzuak eta Andretxeak beste hainbeste jarduera antolatu dituzte.

Martxoaren 12an, 18:00etan, bi erakusketa berri zabalduko dira Portalean, hilaren 31ra arte luzatuko direnak: “Lanak etxean, hobe denon artean” eta “13+1 Migrazio bideak eta zaintzak”. Bi erakusketak Portaleako erakusketan egongo dira ikusgai, asteartetik igandera arte, 18:30etik 20:30era arte. Bestalde, Juan San Martin Liburutegiak “Itsaspeko bihotzak” izeneko erakusketa hartuko du martxoaren 7tik 13ra arte, 10:30etik 16:00ak arte; Berdintasun Arloak eta Udal Liburutegiak elkarlanean antolatu duten ekimena da.

Bestalde, Andretxeak 15 urte betetzen ditu aurten eta, horretarako, Tupper sex feminista eta ipuin erotikoak izeneko jarduera antolatu dute martxoaren 21ean Portaleako ikastaron gelan, 17:00etatik 20:00ak arte. Inma Merino sexologoak eta Virginia Imaz kontalari eta pailazoak gidatuko dute saioa; emakumeei soilik zuzenduta egongo da eta doakoa izango da.