Eibarrek bat egingo du, beste urte batez, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin
Udalbatzak adierazpen instituzional bat onartu zuen otsaileko osoko bilkuran, 2026ko martxoaren 8a dela eta. Bestalde, "Aliantza Feministak. Beste mundu bat feminismotik" da Eibarko martxoaren 8ko lantaldearen programaren gai nagusia.
Eibarko Udalak bat egin du, aurten ere, igande honetan, martxoak 8, ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunarekin, eta egun horren harira egingo diren jardueretan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak. Horretarako, joan den otsailaren 23ko Udalbatzak aho batez onartu zuen adierazpen instituzional bat, eta konpromisoa hartzen du, besteak beste, "gure udalerri eta eskualdeetan taldeak sor daitezen sustatzea, diskurtso misogino eta antifeministei aurre egiteko eta informazio faltsuen hedapena desaktibatzen laguntzeko".
Horrez gain, ondorengoa adierazten da: "tokiko eremutik lehentasunezko kolektiboekin esku hartzea, haien jarrera antifeministak eta maskulinitate toxikoak desmuntatzeko".
Adierazpenean, ondorengo konpromisoak ere jasotzen dira: "erresistentzia-aliantzak sustatzea talde feminista eta tokiko beste eragileekin, jarrera antifeministak identifikatzeko eta eteteko bizikidetza-espazioetan eta komunitate birtualetan" eta "baliabideak eta egiturak zaintzea eta babestea, gure udalerrian berdintasun-politikek aurrera egiten jarrai dezaten".
Bestalde, eta urtero legez, martxoaren 8ko lantaldeak gai bat adostu du egitarauaren ardatz bezala, eta, aurtengoa, "Aliantza Feministak. Beste mundu bat feminismotik" izango da.
Lantaldearen helburua da martxoaren 8ko egitaraua kolektiboki antolatzea. Lantaldea, 9 urteko ibilbidea duen arren, oraindik eraikitze- eta egonkortze-prozesuan dago.
Aurten ere, Martxoaren 8aren aterpean, Eibarko emakumeen eskubide-berdintasuna eta feminismoa aintzat hartzea eta aitortzea dute helburu. Mota askotako jardueren bidez, diskriminazio-egoerekiko kontzientziazioa eta eraldaketa sustatuko dira.
Hori dela eta, aliantza feministak sortzeko eta indartzeko programatutako jardueretan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak, herri eta jendarte feminista eraikitze bidean.