Eibarrek bat egingo du aurten ere Emakumearen Nazioarteko Egunarekin

Udalbatzak adierazpen instituzional bat onartu du, 2025eko martxoaren 8a dela eta, "Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena; hiru hamarkada berdintasunaren bidean" izenburupean. "Bizitza duinak" da Eibarko martxoaren 8ko lantaldearen programaren gai nagusia.
Eibarko Udalak bat egin du, aurten ere, larunbatean, martxoak 8, ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunarekin, eta egun horren harira egingo diren jardueretan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak. Horretarako, joan den otsailaren 24ko Udalbatzak aho batez onartu zuen adierazpen instituzional bat, eta konpromisoa hartzen du, besteak beste, "sustapen-egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko, Berdintasunerako Politika Publikoen Kalitate-Estandarren arabera.".
"Emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez, berdintasun politika publikoetan, emakumeak solaskideak izan daitezen eta eragin dezaten." Udalak hartuko duen bigarren konpromiso nagusia da.
Bestalde, eta urtero legez, martxoaren 8ko lantaldeak gai bat adostu du egitarauaren ardatz bezala, eta, aurtengoa, "Bizitza duinak" izango da.
Gaur egun gure gizartean nagusi den bizi-ereduak, balioan jartzen ditu balore indibidualista, hiperazkarrak, kontsumista, atzerakoi eta zaurgarritasunaren kontrakoak, albo batera utziz heziketa edota irakaspen emozional, sexual eta bizitzarekiko jasangarriak direnak.
Bizi-baldintza duintzat jotzen dugunaren ekuazioan, uste dugu hainbat alderdi hartu behar ditugula kontuan, hala nola osasun integrala (baita osasun mentala ere), hezkuntza (publikoa eta kalitatezkoa), sexu- eta genero-aniztasunaren normalizazioa; enpleguaren baldintza justuak, zaintza-lanen eta pentsioen banaketa; indarkeria sexistarik gabeko bizitzak, pertsona guztientzako trantsizio ekosozial jasangarria, etab.
Egingo diren jardueren bidez, bizitza duinak ahalbidetuko dituen sistema baten ideiarekin lotutako pentsamenduak, egoerak, emozio fisikoak elkarrekin partekatzera eta ikastera gonbidatzen ditu herritarrak Eibarko Udalak.