Eibarko Udala

Beldur Barik lehiaketa bueltan, hamar urtez jarraian

2019/09/20
Beldur Barik EAEko instituzioek elkarlanean bultzatuta indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da, eta bere helburua da, gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzea jendarte eraldaketan laguntzeko. Alegia, Beldur Barik jarrera bultzatzea. Horretarako, Beldur Barik programa hainbat baliabidez baliatzen da.

Batetik, Beldur Barik ikusentzonekoen lehiaketa: 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa. Lehiaketaren xedea da ikus-entzunezko produkzioen bidez erakustea neska eta mutilek nola erantzuten duten desberdintasun egoeren aurrean eta nola egiten dioten aurre indarkeria sexistaren adierazpenei Beldur Barik jarrerarekin.

Bestetik, Beldur Barik topaketa. Topaketa lehiaketako saridunak ezagutzeko espazioa izateaz gain, bere helburua da indarkeria sexistaren aurkako borrokan dabiltzan ekimen, talde eta pertsonak hurreratzea. Baina baita ere, gazteek indarkeria sexistari aurre egiteko eta indarkeria gainditzeko erabiltzen dituzten diskurtso eta jardunbideak balioesteko gunea izatea.

Lehiaketa orokorrean lanak aurkezteko epea jadanik zabalik dago eta azaroaren 5ean itxiko da.

Eta aurten berritasun batekin dator. Hiru adin-kategoria izango ditugu! 12-13 urte dituztenak, 14-18 dituztenak eta 19-26 dituztenak.

Informazio gehiago jasotzeko eta oinarri orrokorrak deskargatzeko SAKATU HEMEN.