Andretxeak, Eibarko Emakumeen Etxeak, webgune berria estreinatu du
Eibarko Udaleko Berdintasun Arloak aurrerapauso berri bat eman du emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzeko eta komunikazioa hobetzeko. Horretarako, mikrosite edo webgune bat sortu du, ‘Berdintasun Zerbitzua-Andretxea’ izenburupean. 2016ko ekainaren 13an egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zen “Eibarren Emakumeak eta Gizonak Berdintzeko IV. Plana” izeneko egitasmoan dago jasota Andretxeako webgunea berrizteko ekimena.
Web orri berriaren helbidea honako hau da: www.eibar.eus/eu/berdintasuna-andretxea (erderaz, www.eibar.eus/es/igualdad-andretxea). Hemendik aurrera, aipatutakoa izango da Andretxeako webgune ofiziala eta andretxea.kzcomunidades.net helbidea desagertu egingo da. Helburua nagusia da Berdintasun Arloaren eta Andretxearen jarduerari buruzko informazio guztia, egiazkoa eta erabilgarria eskaintzea eta, besteak beste, ikastaro, hitzaldi edota ekimen ezberdinei buruzko berriak zabaltzea uneoro.
Webgune dinamikoagoa eta interaktiboagoa
Orain arte, Andretxeatik erabili izan den webgunea baino askoz dinamikoagoa eta interaktiboagoa da mikrosite berria eta hobekuntza nabarmenak dauzka irisgarritasun aldetik. Gainera, responsive diseinua erabili da –gailu ezberdinetan ikus daitekeen orrialde berbera– weba edozein smartphone edo tabletetik ikus dadin modu errazean. Helburua da erabiltzaileek bilatzen dutena topatzea.
Mikrosite berriak hondo zuria edukiko du, nagusiki, baita gris kolorekoa ere, irakurterraza eta argia izan dadin. Era berean, eibar.eus udal-webguneko kolore korporatiboak erabiliko dira: gorria, urdina, zuria eta grisa.
Mikrositeko atalak
'Berdintasun Zerbitzua-Andretxea’ izeneko mikrosite berriak izango dituen edukiak, besteak beste, ondorengoak dira: Zer da?; Prestakuntza espazioa; Arreta-Laguntza; Agenda; Albisteak; Berdintasunerako egun sinbolikoak –Martxoak 8: Emakumeen Nazioarteko Eguna; Maiatzak 17: LGTBI+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna; Ekainak 28: LGTBI+ Pertsonen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna; eta Azaroak 25: Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna–; Andretxeako erreserba; Andretxeako liburutegia; Emakumearen mahaia; eta Elkarteak eta taldeak.
Halaber, Andretxeak Facebook eta Twitter sare sozialetan dituen kontu ofizialak jarraitzeko, mikrosite berriaren azpian, eskumaldean, dauden ikonoetan sakatu dezakete interesatuek.
Berdintasun Arloko zinegotzi den Patricia Arrizabalagaren hitzetan, “Andretxeako mikrositea martxan ipinita, Berdintasun zerbitzuaren hobekuntzan beste aurrerapauso bat eman dugu. Web atal berriak, besteak beste, aukera emango die herriko talde eta elkarteei Andretxeako lokaletan erreserba modu hobeagoan egiteko. Gainera, bertan antolatzen diren hitzaldi, ekimen edota ikastaroen matrikulazio epeei buruzko informazioa modu zabal, argi eta errazagoan emango da. Mikrosite berri horretan, halaber, Emakumearen Mahaiak eta herriko elkarteek eta taldeek etengabe eguneratuko den beren atal propioa izango dute”.