- https://www.eibar.eus/eu/berdintasuna-andretxea/agenda/liburu-aurkezpena-ez-dadin-bizitza-eten
- Liburu aurkezpena: Ez dadin bizitza eten
- 2024-03-13T18:30:00+01:00
- 2024-03-13T20:00:00+01:00
Liburu aurkezpena: Ez dadin bizitza eten
Andretxea
Zaintza lanetan inplikatuta dauden norbanakoei entzunda Emagin Elkartean egindako lanetik abiatuta, azken urteotan mugimendu feministaren aldarrien erdigunean egon den gaiaz hausnartu dute hiru autoreek. Betiere, askotariko faktoreak kontuan hartuz eta bi ardatz hauen arabera: ikuspegi feminista eta ezagutza kokatua. Izan ere, zaintzaren inguruan sortzen den bereizkeriatik eta gorputzetik ez bada, kamutsa izanen da hartaz esaten dena.
Egungo ereduak dituen mugak eta geruzak agertzean eta haren konplexutasuna ulertzean, lanen banaketa desorekatua gainditu eta bizitza erdigunean kokatuko duen gizarte antolaketa bat osatzeko bidean has gaitezke, ez dadin inoren bizitza eten. Alta, helburu horrek errotiko aldaketak egitea eskatzen du, gure mundu ikuskera beste era batera definitzea. Horretarako, ezinbestekoa izanen da gaur garena baino zaurgarriago, elkar-mendekoago eta eko-mendekoagoak agertzea.
Iratzar fundazioak eta Txalapartak elkarlanean argitaratzen duten Iparrorratza bildumaren 8. alea da hau.
Hizlaria: Monika Mendiberri Apezetxea.
Soziologian lizentziaduna (2014), Generoan Aditua Titulua (2015) eta Modernitate aurreratuko gizarteetako aldaketa-dinamikak (2016) masterra egin ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Unibertsitate berean, Soziologia eta Gizarte Lana Saileko irakaslea da 2017. urtetik. Arlo ezberdinetan ikerketan aritu da teknikari eta koordinatzaile funtzioetan, eta ibilbide horretan metodologia parte hartzaileetan oinarrituriko ikerketetan ere trebatu da.
Emagin Elkartean ikerlaria da 2016tik. Hanbat izan dira jorratu dituen arloak, besteak beste, erakunde mistoen genero diagnostikoak eta planak, mugimendu feministaren esperientzien sistematizazioa, zaintza-lanen antolaketa eta indarkeria matxistak. Azken honetan sakondu du gehien, hain zuzen ere, indarkerien prebentziorako, arretarako eta aurre egiteko biziraun duten emakumeekin, herri-eragileekin eta entitateekin ikerketa eta esku hartze prozesuetan.
Noiz: 2024ko martxoak 13, asteazkena, 18:30etan.
Non: Andretxea
Hizkuntza: Euskara
*Eibarko Martxoak 8 lantaldealdeak antolaturiko ekintza bat da hau, Martxoaren 8ko programazioaren baitan.