Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Zuhaitz Eguna ospatuko da Eibarren martxoaren 1ean

Zuhaitz Egunaren kartela.

Zuhaitz Egunaren kartela.

2020/02/28

Ekimen honekin, Eibarko Udalak arbolak eta basoak babestearen garrantzia azpimarratu nahi du; horretarako, bertako 40 zuhaitz landatuko dira (lizarrak, gorostiak, haritzak eta pagoak) Eztiagako udal partzela batean, Iturburuko Ikastolaren ondoan.

Eibarko Udaleko Ingurumen sailak, Eibarko Klub Deportiboaren Mendi Taldearekin elkarlanean, Zuhaitz Egunaren edizio berri bat antolatu du datorren iganderako, martxoak 1. Ekimena publiko guztientzako da, ume zein nagusi, eta oso aproposa, familian eguna pasatzeko.

Hala, datorren domekan, goizeko 10:30etik aurrera, 40 zuhaitz autoktono landatuko dira (5 lizar, 15 gorosti, 10 haritz eta 10 pago) Iturburu Ikastolaren parean,  Eztiagako udal-lursail batean, azken bi urteetan Zuhaitz Eguna ospatu den lekuan. Horrela, lehor dauden arbolen ordez beste berri batzuk jarri eta gainerakoak landatuko dituzte, lursailaren hedadura osoa estali arte.

40 arbolak landatu ondoren, tailer bat egingo da basoetako faunari buruzkoa. Jarduera horren helburu nagusia da biodibertsitateak ekosistemaren funtzionamenduan duen garrantzia azpimarratzea, bai eta jakinaraztea ere zein diren gure basoentzat onuragarrienak diren organismoak, haien presentzia funtsezkoa baita. Hala, parte-hartzaileek aukera txokoak edo aterpeak egingo dituzte, fauna laguntzailea bertan babesteko eta horrela biodibertsitate handiagoko baso gazte bat sortzeko.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, jarduera 13:00etan amaituko da mokadu txiki batekin.

Zuhaitz Egunaren helburua da herritarrak basoen garrantziaren eta natura zaintzearen kontzientzia hartzea, azpimarratuz zuhaitzak gure bizi-kalitatean ezinbestekoak direla, besteak beste, biodibertsitatea mantentzeko, atmosferako karbono-dioxidoa xurgatzeko (aldaketa klimatikoaren erantzule den negutegi-efektua eragiten duena), higaduraren eta uholdeen aurkako defentsarako, eta paisaiaren iraunkortasunerako.

ZUHAITZ EGUNEAN parte hartu nahi duten pertsonek taldean egin ahalko dute igoera, 9:30ean hasita Eibarko Klub Deportiboaren egoitzan, Toribio Etxeberria kaleko 16. zenbakian. Nahi duena zuzenean joan ahalko da partzelara.