Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Zubi berria egingo da Barrena kalearen eta Azitaingo tren-geralekuaren artean, orain dagoena baino erosoagoa eta irisgarriagoa

Zubi berria egingo da Barrena kalearen eta Azitaingo tren-geralekuaren artean, orain dagoena baino erosoagoa eta irisgarriagoa

Ego errekaren gainean dagoen oinezkoen pasarela edo zubia.

2019/05/03

Obrak lizitaziora atera dira ia 348.000 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Lanok egiteko epea 17 astekoa da. Azitaingo tren-geralekua martxan ipini denetik askoz jende gehiagok erabiltzen du pasarela, eta auzotarrek pasarela berri bat jartzea eskatzen zuten. Udalak erantzun egin dio eskabideari.

Ego errekaren gainean gaur egun dagoen oinezkoen pasarela edo zubia —Barrena kaleko 21 zenbakiko eraikinaren ostetik Azitaingo geralekura joatekoa— kendu eta erabiltzaileentzako erosoagoa eta irisgarritasun aldetik egokiagoa izango den pasarela berri bat jarriko da.

Miguel de los Toyos alkateak dio "lan honekin erantzun bat eman nahi diogu auzoko jendeak egindako eskabideari, hau da, zubi irisgarriago bat egiteko eskaerari, gaur egun daukagun pasarelak aldapak ditu-eta.  Nahiko genukeena baino beranduago atera da lizitaziora proiektua, baina, azkenean, eman genuen hitza bete eta auzotarren eskaera hori gauzatu egingo dugu."

Pasarela edo zubi berriaren eraikuntza lizitaziora atera da 347.816,63 euroan. Obrak egiteko epea 17 astekoa da. Enpresek datorren maiatzaren 27ra arteko epea izango dute eskaintzak aurkezteko. Horrela, ekainean obrak adjudikatuko dira eta, horren ondoren, azpiegitura berria egin.

Gaur egun han dagoen pasarela 1999. urtean eraiki zen Azitain I BJU-ren etxebizitza-blokeak urbanizatzeko obren barruan. Pasarela eraiki zen garaian, ibaiaren ezkerreko ertzean dagoen gune urbanizatura ematen zuen, baina orduan ez zen asko erabiltzen egonaldi-toki hutsa zelako.   Azitaingo geralekua 2012an eraiki zen, eta, harrez geroztik, askoz gehiago erabiltzen da pasarela

Urteak joan ahala eta sarri erabiltzean ikusi da haren aldapa handiegia dela eta zorua ere ez dela egokia. Arrazoi horrengatik, Udalak lehengo pasarela zaharra kendu eta beste pasarela berri bat jartzea erabaki du, aldapa gutxiagokoa, erosoagoa eta irisgarriagoa.  Beraz, zubi edo pasarela berria zeharo laua izango da.

Injelan SL etxeak idatzitako proiektu batean oinarrituta hartu den konponbidea 31,40 metroko luzera izango duen zubi bat eraikitzean datza; trazatu zuzenekoa izango da, oinplanoan nahiz altxaeran. Horrela, pasarelara sartzeko kota berdina da errekaren albo bietan. Horrek esan nahi du ez duela aldaparik, zeharo laua dela.

Oraingo pasarela handik erretiratu baino lehen, erreka gainean aldi baterako pasarela bat jarri behar da, lanak egin bitartean Azitaingo tren-geralekuaren eta ibaiaren eskumako aldea lotuta gera daitezen. Hori egin ondoren, gaur egun dagoen egurrezko pasarela erretiratu egingo da eta berria egiten hasi. Amaizeko, obra osatzeko baranda jarriko da, argi berriak ipini, drainatze-sistemak ezarri eta zubi berriaren zoladura jarri.

etiketak: Barrena, zubia, Azitain