Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria" saria eman diote Eibarri atzera ere

2019/04/23
Alkatetzari bidalitako komunikatu batean, ebazpenaren berri eman du Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Ministerioko Zuzendaritzak. 2011n jaso zuen saria Eibarrek lehen aldiz, 2014an berriztu egin zitzaion titulua, eta orain atzera ere aitortu zaio, hautagaitza aurkeztu ostean.

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Ministerioak berriz ere “Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria” titulua aitortu dio Eibarri. Alkatetzak jasotako gutun batean —Ministerioko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzaren Zuzendaritzak igorria—, jakinarazten da Eibarrek aurkeztutako hautagaitzak izendapena merezi izan duela 2018ko deialdian. Saria laster egingo den ekitaldi publiko batean emango da.

Behin erabakia ezagutu ondoren, Miguel de los Toyos alkatea pozik azaldu da “berriz ere aitorpen bat egiten zaiolako Eibarri, herrian zientzia eta berrikuntza arloetan egiten duen lan garrantzitsuagatik". Sari hau, alkatearen hitzetan, “egiten dugun lanaz harroago sentiarazteaz gain, motibatu egiten gaitu bide horretan aurrera egiten jarraitzeko".

Joan zen otsailean, izendapena berrizteko errekurtsoa ezetsi zela ezagutu ondoren, udal arduradunek erabaki zuten orduan ireki zen deialdira aurkeztea.  Eta orain berretsi da Ministerioak berriz ere ematea erabaki duela.

Eibarrek 2011n jaso zuen aitortza hori lehen aldiz, eta hiru urte geroago, 2014an, Ministerioak berriztu egin zion izendapena Udalari. "Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria" izendapenak aitortu egiten ditu jasangarritasun ekonomikoa ahalbidetu eta ezagutzaren eta berrikuntzaren hazkuntza-eredua hobetu duten hiri liderrak. Ministerioaren iritziz, toki erakundeek paper garrantzitsua jokatzen dute berrikuntza-eragileen kohesioa lortzeko lanean, oso gertu daudelako herritarrengandik, enpresengandik eta erakunde publikoengandik.

“Edozein direla ere biztanleria-kopurua, egitura eta tamaina —diote Ministeriotik— udalek esfortzu handia egiten dute azpiegitura berritzaile zientifikoak, teknologikoak eta sozialak sustatzeko; halatan, toki entitateek bultzatu egiten dute gure herrialdean lortu nahi dugun eredu ekonomikoa”.

Izendapen horri eusteak Innpulso sareko kide izaten segitzeko aukera ematen du; foro hori tokiko politika berritzaileak definitzeko topagune bat da udalen arteko elkarlana bultzatzen duena, proiektuak partekatuz, kudeaketan jardunbide onak bideratuz eta proiektu horiek hiritarren artean zabaltzeko eta komunikatzeko ekimenak bultzatuz. 2018ko irailean, Espainia osoko 64 bat udalerri zeuden foro horretan sartuta, haien artean Eibar.