Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak onartu du 1.000.000 euroko dirulaguntza ematea Teknikerri Erisonoko Parke Teknologikoaren II. eremua sustatzeko

IK4-Teknikerren instalazioen artxiboko irudia.

IK4-Teknikerren instalazioen artxiboko irudia.

2022/12/05

Diana Morant ministroa aurki etorriko da Eibarrera Gobernu zentralak hartutako akordioa izenpetzera. Jon Iraola alkatea pozik agertu da erabakiagatik, “Udalak egindako gestioen emaitza baita, eta agerian utzi baitu Udalak industriarekin eta enpleguarekin duen apustua eta konpromisoa”.

Ministroen Kontseiluak, joan den azaroaren 29an, Tekniker Fundazioari 1.000.000 euroko dirulaguntza ematen dion Errege Dekretua onartu zuen, Erisonoko Parke Teknologikoko II. eremuaren hirigintza-eraldaketa sustatzeko. Dirulaguntza hori azken hilabeteetan Eibarko alkate Jon Iraolak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioarekin egindako gestioen emaitza da. Ministerio horren titularra, Diana Morant, Teknikerren instalazioetan egon zen duela hilabete batzuk, proiektuaren xehetasunak eta behar dituen finantzaketa-beharrak bertatik bertara ezagutzeko.

Inbertsioak herriarentzako hiri-lurzoru industrial eta ekosistema berri bat sortzen lagunduko du  teknologia berritzaile eta aurreratuko enpresa-ekimenak bultzatzeko.

Albistea pozik hartu du Eibarko Udalak. Jon Iraola alkateak nabarmendu duenez, “emandako dirulaguntza Udalak Madrilen egindako gestioen emaitza da, baita hiri gisa ditugun beharrak Espainiako Gobernuari behar bezala helarazteko ahaleginarena eta, horretarako, Ministerio ezberdinekin egin ditugun bilerena ere.” Iraolak azaldu duenez, lehenengo lankidetza-akordioa da Zientzia eta Berrikuntza Ministerioarekin, eta “gure asmoa da ildo beretik jarraitzea hurrengo urteetan ere”.

Ministroen Kontseiluaren akordio hori Diana Morant Zientzia eta Berrikuntzako ministroak egingo duen bisita batekin irudikatuko da, hala, Gobernu zentralaren erabakia berretsiz.

“Beste behin, eta oraingoan dirulaguntza honen bitartez, agerian geratu da Eibarko Udalak industriaren alde duen konpromisoa eta egiten duen apustua, industria-lurzorua sortzearen alde geografikoki pribilegiatua eta estrategikoa den Euskadiko erdigunean, eta Eibarko Polo Teknologikoaren garapenean aurrera egiten jarraitzearen alde”, adierazi du alkateak, zera gaineratuz: “Eibarrek erakundeen babesa behar du industria arloan, eta laguntza oro, datorren lekutik datorrela, ongi etorria izango da”.

Iraolak gogorarazi duenez, “pozgarria da egiaztatzea Udala hiriko enpresa eta industria sektorearen alde egiten ari den lana fruituak ematen ari dela, eta Erisonoko II. eremuaren garapena aurrera doala”. Ildo horretan, alkateak adierazi du Tekniker aspalditik ari dela lanean dirulaguntzak aurreikusten duen  proiektuaren garapenean.

Erisonoko Parke Teknologikoa handitzearen proiektua Eibarko Udalaren aspaldiko aldarrikapen bat da, urteetan eskatu dena. Lan hori udal-erakunde gisa bere bitarteko eta eskumenetan oinarrituz egin du.

Erakundeen babesa jasotzeko Udalak egin duen lan horren barruan, aipatu behar da Alkatetzak behin eta berriz egin dituela bilerak proiektu estrategiko hau garatzeko eskumena duten eragileekin. Eta horri dagokionez, Gobernu zentralak beti erakutsi du lankidetzan aritzeko prestutasuna.

Joan den ekainean, Diana Morant ministroa Eibarren izan zen, bere ministerioak Parke Teknologikoa handitzeko lanean parte hartuko duela iragartzeko, eta proiektu hori dirulaguntza baten bidez babesteko konpromisoa hartzeko, bai eta datozen urteetan lankidetza horri jarraipena emateko ere.