Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Zabaldu dute Barrenaren eta Azitaingo geralekuaren arteko pasarela berria

Barrenaren eta Azitaingo geralekuaren arteko pasarela berriaren irudia.

Barrenaren eta Azitaingo geralekuaren arteko pasarela berria.

2020/02/20

Egiturak 340.856 euroko kostua izan du, eta ordezkatu egingo du, auzokideek hala eskatuta, aurretik ibaiaren gainean zegoen zubia.

Barrenako atzealdea eta Azitaingo geralekua lotzen dituen oinezkoentzako pasabide berria atzo, otsailak 19, ireki zuten jendearentzat. Zubi berria erabili ahal izango dute auzokideek, eta “askoz ere irisgarriagoa eta beharretara egokituagoa" izango da, horixe izan baita azken urteetan bizilagunek Udalari eskatu diotena.

Ego ibaiaren gaineko zubi berriak –Azitaingo gasolindegitik gertu dagoen tokitik abiatu, eta parean dagoen pasealekuraino eta tren-geralekuaren sarbideraino iristen dena– 340.856 euroko kostua izan du, eta Obras Especiales Edificación e Infraestructuras enpresa adjudikaziodunak egin du.

Egitura berriak aurreko pasabide bat ordezten du —orain inauguratzen den pasabidetik oso gertu zegoena—, 1999an eraiki zena, UAR-I Azitaingo etxebizitza-blokeak urbanizatzeko obren barruan. Hasieran, pasarelak ibaiaren ezkerraldeko gune urbanizatuari ematen zion sarbidea, baina erabilera mugatua zen. 2012an Azitaingo trenbidearen geltoki berria eraikitzean, pasarelaren erabilera nabarmen areagotu zen.

Erabilera handiago horren ondorioz, eta eraiki zenetik igarotako urteen eraginez, akatsak antzeman ziren, besteak beste, pasabidearen aldapa. Horregatik, Udalak ordeztea erabaki zuen pendizik gabeko paserala erosoagoa eta irisgarriagoa egiteko.

Bihartik aurrera zabalik egongo den pasabidea Injelan SL ingeniaritzak idatzitako proiektu batean oinarritzen da: zubi bat da, guztira, 31,40 metroko trazadura zuzena duena, oinplanoan zein altxaeran, eta, beraz, bi ertzetan kota berbera duena.  Ibaiaren ertz biak komunikatzeko eta geltokirako pasabidea mantentzeko, oraingo pasarela eraitsi aurretik, behin behineko pasabide alternatibo bat jarri zen oinezkoentzat, martxan egon dena azken hilabeteetan.

Pasabide berria martxan jartzearekin bat, Miguel de los Toyos alkatea inguruko bizilagunei zuzendu zaie itxaronaldi honetan izan duten pazientzia eskertzeko, eta "azpiegitura berri honek auzoko bi aldeetatik erosoago ibiltzea" opa die.

etiketak: Eibar, pasarela, Barrena, Azitian