Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

VIII. Ikasenpresa Azokak Euskadiko Lanbide Heziketa Zentroetako 2.000 ikasle bilduko ditu Eibarren hilaren 14an

VIII. Ikasenpresa Azokak Euskadiko Lanbide Heziketa Zentroetako 2.000 ikasle bilduko ditu Eibarren hilaren 14an

Ikasenpresa Azokaren VIII. edizioaren aurkezpena.

2019/02/07

Ekimena egingo da berriz ere Untzaga plazan ipiniko diren bi karpetan eta beste bat Txaltxazelaian; Lanbide Heziketako 2.000 ikaslek beren produktuak erakutsi eta saldu egingo dituzte.

Otsailaren 14an, ostegunean, Ikasenpresa Azokaren VIII. edizioa egingo da Eibarren. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Lanbide Heziketako 2.000 ikaslek hartuko dute parte eta 376 “ikasenpresa” eta Eibarko Lanbide Heziketa Oinarrizko Zentroko beste bi aurkeztuko dituzte. Parte hartzaileek goiz osoan zehar (10:00etatik 13:00etara) erakutsiko dituzte beren produktuak Txaltxazelaian eta Untzaga plazan egongo diren karpetan.

Ikasenpresa —aurten zazpigarren edizioa da— Tknikak antolatzen du Eibarko Udalarekin batera, gure herria bihurtu baita Lanbide Heziketako ikasleen hitzorduaren urteroko egoitza. Tknika Euskadiko LHko Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa da, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bultzatua.

Heziketa-programa bat da, ikasgeletan eskola-enpresak sortzearen inguruan garatzen dena. Egitasmoaren helburuak, besteak beste, hauexek dira: enpresaren mundua gelara gerturatzea, ideia berriei ekiteko gaitasuna (sormena, berrikuntza, taldeko lana, erabakiak hartzea, informazioaren kudeaketa, borondatea, lidergoa, konpromisoa, negoziazioa...), beste kultura eta errealitate batzuetara gerturatzea eta ikastetxeen arteko lankidetza sustatzea.

Horretarako, ikasleek enpresa txiki bat jartzen dute martxan eta harekin lotutako jarduera guztiak egiten dituzte: irudi korporatiboa, administrazioa, marketina edo salerosketak. Haien produktu edo zerbitzuak errealak dira, ikasleek berek egindakoak edo komertzializatutakoak. Eta, ikastetxeetan egiten duten lana indartzeko asmoz, otsailean azoka egiten da Eibarren, ikasleek salmenta-puntua landu dezaten eta publikoari beren produktu eta zerbitzuak eskain diezazkioten.

Datorren ostegunean Ikasenpresa Azokan parte hartuko duten 2.000 ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Hezkuntzako 81 ikastetxetatik datoz, eta denen artean 376 “ikasenpresa” aurkeztuko dituzte (Eibarko LH Oinarrizko Zentroaren beste bi ere). Aurreko urtean 317 ikasenpresa aurkeztu ziren.

etiketak: Azoka, Eibar, Ikasenpresa