VI. Ikasenpresa Azokak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Lanbide Heziketa Zentroen 1.500 ikasle bilduko ditu Eibarren hilaren 16an

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura Sailak, Tknikak (Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako berrikuntza zentroa) eta Eibarko Udalak VI. Ikasenpresa Azoka antolatu dute otsailaren 16rako. Proiektua Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta dago. Hala azaldu zuten atzo osteguna, hilak 9, prentsaurrekoan Alberto Albistegi, Garapen Ekonomiko eta Enplegu zinegotziak, Iñaki Mujika, Tknika-ko zuzendari exekutiboak eta Pilar Diez Ikasenpresa programako dinamizatzaileak. Untzagan eta Txaltxa Zelain ipinitako bi karpetan egingo da azoka, 10:30etik 13:30era bitartean.
Ikasenpresa izeneko programaren bitartez ikasleak enpresa berria sortzeko esperientzian parte hartzeko aukera izango du, enpresa sortzeko beharrezko diren guztiak eginez. Horrela, bere gaitasun ekintzaileak garatuko ditu (sormena, berrikuntza, talde-lana, erabakiak hartzea, iniziatiba, lidergoa, konpromisoa eta erabakimena, negoziazioa, komunikazioa…).
2016-2017 ikasturte honetan, Euskadi osoko Lanbide Heziketako 73 ikastetxetako 4.000 ikasle baino gehiagok parte hartzen dute eta 620 enpresa sortu dira. Eibarren egingo den azokan 207 enpresek hartuko dute parte (eta haien artean, baita Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleak ere) eta azokak 1.500 bat ikasle erakartzea dago aurreikusita. Azokan ikasleek ikasturte osoan zehar egindako produktuak salduko dituzte.