Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Uztailean zabaldu zenetik, Errebal Plazia eraikinean hogeita hamarren bat ekitaldi egin dira eta 3.000 lagun inguru bertaratu

Errebal Plazia eraikineko artxiboko irudia.

Errebal Plazia eraikineko artxiboko irudia.

2022/01/17

2021eko irailetik abendura bitartean, eraikinaren plaza estalian 25 ekimenetik gora egin dira, besteak beste, musika- eta antzerki-emanaldiak, aurkezpenak, lehiaketa gastronomikoak eta tailerrak. Bestalde, hango lokaletan hainbat jarduera antolatu dira, hala nola Negulekuak eta antzerki-laborategi bat.

2021eko uztailean ireki zenez geroztik, Errebal Plazia funtzio anitzeko eraikinak arlo eta gai askotariko hogeita hamarretik gora jarduera eta emanaldi hartu ditu, zeinetan 3.000 lagun baino gehiagok hartu duten parte. 

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Errebal Plazia eraikina egitean, gure helburua hauxe izan da: espazio bat sortzea, herriko erakarpen gune sozial eta kultural bihurtzeko xedez, non era guztietako jarduerak egingo diren. Helburu horrekin diseinatu genuen. Horregatik, espazioak irekitzearekin batera, Udaletik antolatzen ditugun jarduerek merezi duen balio sozial eta kultura ematen diote eraikinari, eta garbi geratzen ari da herritarrek Errebal Plazia erabiltzeko duten interesa".

Egin diren jarduerak Kultura, Ingurumen eta Ekonomia Garapen sailek bultzatu dituzte, zenbait kasutan, herriko elkarte eta kirol kluben sare zabalarekin lankidetzan, eta jende askok parte hartu du guztietan.  

Eraikinaren plaza estalian egin dira jarduera gehien: musika- eta antzerki-emanaldiak, lehiaketa gastronomikoak, tailerrak, azokak, Gabonetako patinajeko pista eta hainbat ekimenen aurkezpenak.

Eta funtzio anitzeko lokaletan zenbait bilera egin dira eta baita Negulekuak ere.

Halaber, azpimarratu behar da Errebal Plazia eraikinak aukera eman duela antzerki-laborategi bat martxan jartzeko, eta adin guztietako 720 pertsonak parte hartu dutela.

Datu hauen aurrean, Iraolak zera gehitu du: “Errebal Plazia eraikineko esperientzia kulturalak aberastu eta osatu egingo dira duela gutxi lizitaziora atera den ikus-entzunezko instalazioari esker, zeinak are atseginago egingo baitu hor egingo den kultur agendaz gozatzea.