Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Urkotronik Vending Lehiaketa', Urkotronikek antolatutako lehiaketa bere 35. urteurrena dela eta

'Urkotronik Vending Lehiaketa', Urkotronikek antolatutako lehiaketa bere 35. urteurrena dela eta

Alex Arriola, SPRIren zuzendari orokorra, Imanol Urreisti, Armeria Eskolako zuzendaria, Miguel de los Toyos alkatea eta Carlos Abad Urkotronik-eko Aholkulari-Ordezkaria.

2018/06/13

Lehiaketaren helburuak honako hauek dira: ekintzailetza babestea, enplegu modu berriak sustatzea eta Euskadiko ikasleen talentu sortzailea saritzea. Ekimena Euskadiko Lanbide Heziketako zentroekin lankidetzan antolatu dute eta talentu berrientzat lehiaketa ipini dute abian, osasuna eta jasangarritasunarekin lotutakoa.

Eibarko Urkotronik enpresak 35 urte bete ditu aurten, eta modu irekian eta kolaboratzailean ospatu nahi du bere urteurrena, betiko baloreak alde batera laga gabe: inguruarekiko konpromisoa, sormena eta talentuaren aldeko apustua. Horretarako, Urkotronik Vending Lehiaketa izenburupean, lehiaketa bikoitza antolatu dute, Eibarko Udala, SPRI eta Euskadi mailako Lanbide Heziketako zentroekin lankidetzan, vending-era aplikatutako sormena edo kreatibitatea saritzeko. Alde batetik, herritar orori zuzendutako lehiaketa antolatu dute, eta, bestetik, lanbide heziketako ikasleei bideratutako sariketa zehatza. Urkotronikek planteatu duen erronka honako hau da: vending makina edo aparatu bati oraindik eman ez zaion erabilpena irudikatzea eta egungo kontsumitzailearentzat zentzua izan dezakeena sortzea.

Egitasmoa prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur asteazkena, ekainak 13, Miguel de los Toyos alkateak, Carlos Abad Urkotronikeko Aholkulari-Ordezkariak, Alex Arriola, SPRIko zuzendari orokorrak eta Imanol Urreisti, Armeria Eskolako zuzendariak.

Lehiaketa bikoitza

"Erabili zure irudimena, eta irabaz ezazu vending makina bat" irudimen handia daukan edozein pertsonari zuzendutako lehiaketa da; Euskal Autonomi Erkidegoan bizi beharko da eta adin nagusiko pertsona izan. Ideia onenak honako sari hauek jasoko ditu: Azkoyen markako Mistral H85+MP vending makina bat; Urkotroniken 20 orduko aholkularitza pertsonalizatua, aurkeztutako ideia burutu ahal izateko; bisita gidatua Peraltan, Azkoyenek dituen instalazioetan (aukerakoa izango da); eta Urkotroniken 35. urteurrena dela-eta, azaroan egingo duten galan garaikur berezia eskura emango zaio sarituari. 

Bestalde, Urkotronikek talentu berrien lehiaketa berezia antolatu du eta erronka berri bat aurkezten die vending hobea irudikatzera ausartzen diren ikasle guztiei: zer konponbide bururatzen zaizu inguru osasungarriagoak sortzen dituzten makina jasangarriagoak lortzeko? Proiektu onenak 1.000 euroko saria jasoko du eta Urkotroniken praktika-lanak egiteko aukera. Urkotronikeko arduradunen hitzetan, "talentuan eta ideia berrietan sinesten dugu".

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, Untzaga plazara jo beharko dute ekainaren 13an, 14an eta 15ean, eta bertan ipinita dagoen makinan CV txuria atera, bete eta bidali postaz, "Urkotronik Vending Lehiaketa" erreferentziarekin, Urkotronik S.A., Matsaria Poligonoa, 32-1A, 20600 Eibar (Gipuzkoa) helbidera. Halaber, urkotronik.com/lehiaketa web orriko inprimakia bete ahal izango dute interesatuek eta zuzenean bidali.

Proposamenak aurkezteko epea 2018ko uztailaren 31n, 23:59an, amaituko da. Irabazleen izen-abizen eta proiektuak irailaren 17an argitaratuko dituzte urkotronik.com/lehiaketa web orrian eta sare sozialetan.