Eibarko Udala
zerbitzuak

Untzagako igogailu berria eta Sostoatarren kaleko eskailera mekanikoak martxan aste honetan

2025/12/18
Artxiboko irudia. Zezen-plaza eta Sostoatarren kalea lotzen dituzten eskailera mekanikoak.
Artxiboko irudia. Zezen-plaza eta Sostoatarren kalea lotzen dituzten eskailera mekanikoak.

Untzagako nagusien zentroko igogailua ostegunean hasiko da funtzionatzen. Egigurentarren eta Sostoatarren kaleen arteko eskailera mekanikoak ostiralean irekiko dira publikoarentzat.

Eibarko Udalak hiriko irisgarritasuna hobetzen duten bi azpiegitura garrantzitsu jarri ditu abian aste honetan: batetik, Untzagako nagusien zentro sozialeko igogailua, gaurtik aurrera erabil daitekeena, eta, bestetik, Egigurentarren eta Sostoatarren kalea lotzen dituzten eskailera mekanikoak, bihartik aurrera funtzionatzen hasiko direnak.

Eskailera mekanikoen ordez —berritzearen kostua 270.000 eurotik gorakoa izan da—, sistema moderno, isil eta efiziente bat ezarri da, Eibarren malda handiena duten tokietan desplazamendu erosoagoa eta seguruagoa ahalbidetzeko.

Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “instalazio hauek herritarren esku jartzea pauso garrantzitsu bat da, gure hirian erosotasuna eta segurtasuna bermatzeko. Halako azpiegiturek erraztu egiten dute aldapa handiko tokietan ibiltzen direnen eguneroko bizitza, eta, orain, erabat berriztu ondoren, prest daude erabiltzeko”.

Pedro Escribano Obra zinegotziak hauxe adierazi du: “Proiektua funtzionaltasuna eta erabiltzaileen esperientzia kontuan hartuta egin da. Eskailera berriek efizientzia eta erosotasuna uztartzen dituzte, eta dagoeneko erabil daitezke”.

Bestalde, Untzagako nagusien zentro sozialeko igogailua, obrak amaituta, gaur bertan jarri da martxan. Aurrekontuaren zenbatekoa 45.789.61 eurokoa izan da. Beste lan batzuen artean, lehengo igogailua desmuntatu da, zuloa egokitu, eta ateak pintatu dira.

“Igogailu hau funtsezkoa da egunero erdigunera edo Txaltxazelaira joaten diren nagusientzat. Gaur martxan jarrita, berretsi egiten dugu irisgarritasunarekin eta pertsona guztien ongizatearekin dugun konpromisoa”, adierazi du Jon Iraola alkateak.

Pedro Escribanok zera gehitu du: “Instalazioa urte askoan modu fidagarri eta seguruan funtzionatzeko diseinatu da, eta baita erabiltzaileei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko ere”.