Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Unbeko instalazioak datorren astelehenean, ekainak 15, irekiko dira; estali gabeko igerilekuak eta Orbeako kiroldegia, berriz, uztailaren 1ean

Unbeko kirol-instalazioak.

Unbeko kirol-instalazioak.

2020/06/12

Unbe eta Orbeako instalazioak eta Ipuruako estali gabeko igerilekuak irekiko diren arren, Ipuruako kiroldegia ez da zabalduko irailaren 1era arte, igerilekuetan egin beharreko lanak direla-eta. Bestalde, Astelena pilotalekua irekiko da, egiten diren eskaeren eta edozein ekitaldi edo jarduera antolatzeko dauden beharren arabera.

Gaur egungo alarma-egoeraren ondorioz, COVID-19ren osasun-krisiak eraginda, gure hiriko kirol-instalazioak joan den martxoan itxi behar izan ziren, Euskadiko gainerako udalerrietan eta Estatuan bezala.

Ondoren, Espainiako Gobernuak ezarritako lehen bi deseskalatze-faseak gainditu eta aurreko astelehenean, ekainaren 8an, hirugarren eta azken fasean sartu ondoren, egoera aldatu egin da, eta kirol-instalazioak berriro ireki daitezke, betiere ezarritako higiene- eta osasun-neurrietara eta segurtasun-neurrietara ere egokituta.

Hori dela eta, datorren astelehenetik aurrera, ekainak 15, Unbeko kirol instalazioak irekiko dituzte, baina pixkanaka. Gune horretan, padel, tenis eta atletismoko pistak eta muskulazio gela egongo dira zabalik, eta gure hiriko emakumezkoen errugbi taldeak entrenamenduak egiten jarraituko ditu erdiko zelaian. Padel pistek lau laguneko edukiera baimendua izango dute, eta ordu eta erdiz erabili ahal izango dira joaten den bakoitzean. Pista horiek eta muskulazio-gela erabili ahal izateko, erreserba aldez aurretik egin beharko da, Udal Kirol Patronatuak prestatu duen webgune baten bidez. Erreserba horiek Patronatuan abonatuta dauden pertsonek bakarrik egin ahal izango dituzte. Oraingoz, Unbeko instalazioetako aldagelak itxita egongo dira.

Bestalde, uztailaren 1ean Orbea kiroldegiko instalazioak irekiko dira, igerilekuak barne. Kasu horretan ere aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da, instalazio horien erabilera mugatua izango baita eta igerilekuetako kale bakoitzetik pertsona bat mugitu ahal izango baita, gehienez. Bestalde, muskulazio-gelara 10 pertsona sartu ahal izango dira, gehienez ere, eta sparen kasuan, pertsona bakarra egon ahal izango da barruan.

Ipuruako estali gabeko igerilekuen kasuan, uztailaren 1etik aurrera erabili ahal izango dituzte erabiltzaileek. Ehun pertsonako edukierarekin irekiko dira, gutxi gorabehera, eta partzeletan banatuko dira, banaka edo bizikideekin batera, edonork erabil ditzan bi ordu eta erdiz, eta astean hiru aldiz gehienez ere. Egunean zehar, bi ordu eta erdiko lau txanda egongo dira. Sarrera eta irteera guneak behar bezala seinaleztatuko dira, helburu nagusia pertsonen arteko distantzia soziala errespetatzea eta mantentzea baita. Gainera, instalazioetara iritsi bezain laster tenperatura hartuko zaie erabiltzaileei, eta sukarra izanez gero, etxera joatea gonbidatuko dituzte.

Kasu horretan ere, erreserbak abonatuek bakarrik egin ahal izango dituzte, Udal Kirol Patronatuak egindako webgunearen bidez. Abonatua izan ezean, aurten ezin izango da igerilekuko abonua bakarrik erosi, baina 6 hilabeteko abonua erosi ahal izango da. Aitzitik, abonatuta dauden eta horri uko egin nahi dioten pertsonek uztailaren 10era arteko epea dute baliogabetzeko.

Azkenik, Ipuruako kiroldegiak ez ditu ateak irekiko irailaren 1era arte, igerilekuan egin beharreko lanak direla eta; Astelena pilotalekuan, berriz, eskaeren arabera eta kasu bakoitzean dauden beharren arabera lan egingo da.

Neurri horiek guztiak behin-behinekoak dira, eta normaltasun berrirantz aurrera egiten den heinean, beharrezko aldaketak egingo dira, herritarrentzako zerbitzuak eta prestazioak hobetzeko.