Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udaltzaingoak grafitigile bat lokalizatu eta identifikatu du Arraguetan pintada bat egiten ari zela

Shotek sinatutako grafitiaren argazkia.

Shotek sinatutako grafitiaren argazkia.

2022/02/23

Shot izenarekin sinatzen ditu grafitiak eta beste batzuetan ere harrapatu izan dute. Udalak 60.000 euro inguru gastatzen ditu urtero pintadak garbitzen eta kartelak erretiratzen.

Ostegun goizaldean, Arragueta kaletik tren-geltokira doan pasabidean grafiti bat egiten ari zen pertsona bat harrapatu eta identifikatu zuen Udaltzaingoak. Gizonezko bat da eta Shot gaitzizenarekin sinatzen ditu bere pintadak. Behin baino gehiagotan harrapatu dute azken urteotan gauza bera egiten.

Ostegun  gauean, 12ak pasata, bizilagun batek Udaltzaingora deitu zuen, Arraguetako igarobidean pertsona bat grafiti bat egiten ari zela ohartarazteko. Hainbat agente bertaratu ziren esandako lekura eta hantxe zegoen artean ere kaputxa batekin. Identifikatu ondoren, hamar bat pintura-esprai konfiskatu zizkioten.

Identifikatu ondoren, Udalak zehapen-espediente bat ireki dio, zigor ekonomiko bat ezartzea dakarrena, eta, aldi berean, errekerimendua egingo zaio pintatutako pareta garbitzeko kostuak ordaintzeko neurriak hartzeko. Pertsona horrek egindako arau-haustea larritzat joko da, behin eta berriz egin delako.

Azken urteotan Eibarko Udala neurriak hartzen ari da hirian grafitiak ugaritzea saihesteko, bai grafitigileak identifikatuz, bai ondoren hormak garbituz. Hain zuzen, udal aurrekontuetan 60.000 euro bideratzen dira urtero, batez beste, Eibarko kaleetako pintadak garbitzeko eta kartelak kentzeko.

Azken urteotan asko izan dira Udaltzaingoaren bitartez Udalak grafitigileak identifikatzeko egin dituen jarduerak, eta kasu askotan pertsona berberak identifikatzen dira behin eta berriz. 2018an 12 identifikazio baino gehiago egin ziren, eta kasu bakoitzean zegokion zehapen-espedientea ireki zen. Hurrengo urtean hamabi bat identifikazio egin ziren. 

Harrezkero, eta nahiz eta grafitigileen jarduera murriztu, hainbat pertsona identifikatu dira pintaketak egiten. Shok, Roder, Aski, Rosk edo Shot bera bezalako izenak azken urteotan zehapen-espedientea ireki zaien grafitigileen zerrendaren parte dira.

2018an, Udalak pintadak garbitzeko kanpaina sakona egin zuen herri osoan zehar. Horretarako, hamabi pertsona kontratatu ziren. Udalak aldi bat ireki zuen pintadak jasan zituzten auzo-komunitateek haiek kentzeko eska zezaten. Eraikin publikoetan ere ezabatu ziren pintadak.

Bestalde, Udalak dei egiten du berriz ere herritarrek gizabidez jokatzeko herriko hormak garbi manten daitezen.