Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udaleko Ingurumen sailak 'Zuhaitz Eguna' antolatu du iganderako

2018/03/15

Eibarko Klub Deportiboarekin (Mendi Taldea) eta Debegesarekin batera antolatu da jarduera. Helburua ingurumenaren kontzientziazioa eta gure basoen iraunkortasuna da, eta, horretarako, bertako 40 zuhaitz landatuko dira guztira (lizarrak, gorostiak, haritzak eta urkiak) Eztiagan, Iturburuko Ikastolaren parean, dagoen udal partzela batean.

Udaleko Ingurumen sailak, Eibarko Klub Deportiboaren (Mendi Taldea) eta Debegesarekin lankidetzan, Zuhaitz Egunaren beste edizio bat antolatu du datorren domekarako, martxoak 18.

Aurten hemengo 40 arbola landatuko dira guztira, zehazkiago, lizarrak, gorostiak, haritzak eta urkiak, Iturburu Ikastolaren parean, Ezkiagan, dagoen udal partzelan. Modu horretan, gure ahalegintxoa egingo dugu  basoak birsortzearen eta mantentzearen alde, une honetan basogabetzea eta baso-mozketa kezkatzeko moduko arrazoiak baitira maila globalean.

Jarduerak goizeko10:30ean hasiko dira. Arbolak landatu baino lehen, tailer bat egingo da, eta bertaratzen direnei landatuko diren 4 arbola moten ezaugarri nagusienen berri emango zaie eta arbolak behar bezala landatzeko jarraibideak azaldu.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, eguna 13:00etan amaituko da mokadu txiki batekin.

Ekimenak Zuhaitzaren Eguna ospatzen du eta publiko guztientzako da, ume zein nagusi, oso aproposa eguna familian pasatzeko.

Helburua da herritarrak basoen garrantziaren eta natura zaintzearen kontzientzia hartzea, eta azpimarratzea zuhaitzek gure bizi-kalitatean duten eragina; izan ere, ezinbestekoak dira, besteak beste, biodibertsitatea mantentzeko, atmosferako karbono-dioxidoa (aldaketa klimatikoaren erantzule den negutegi-efektua eragiten duena) xurgatzeko, higaduraren eta uholdeen aurkako defentsarako, eta paisaiaren iraunkortasunerako.

Zuhaitz Egunean parte hartu nahi duten pertsonek taldean egin ahalko dute igoera, 9:30ean hasita Eibarko Klub Deportiboaren egoitzan, Toribio Etxeberria kaleko 16. zenbakian. Nahi duena zuzenean joan ahalko da partzelara.