Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udaleko brigadak berriz ere ekingo dio hiri-altzariak desinfektatzeari, pandemiaren hasieran egin bezala

Udal Brigadako langilea, desinfekzio lanak egiten.

Udal Brigadako langilea, desinfekzio lanak egiten.

2020/11/13

Aste honetan Udalak sei langile jarri ditu Eibarko hainbat gune desinfektatzeko lanetan, batez ere erdialdeko haurrentzako parke eta hiri-altzarietan, hor ibiltzen delako jende gehien.

Eibarko Udalak, COVID-19k hirian duen eraginari buruzko datuak ikusita, eta kaleetako osasungarritasuna bermatzeko eta birusaren hedapena murrizteko asmoz, desinfekzio-lanei ekin die aste honetan, Udal Brigadaren bitartez. Lan horiek martxoan, apirilean, maiatzean eta ekainean egin ziren, eta orain berriz ere egingo dira, pandemiaren olatu berriaren ondorioz.

Udalaren Zerbitzu Sailak sei langile jarri ditu lan horretan. Eibarko hainbat gunetako haur-parkeetan desinfekzio-lanak egiten ari dira, bai eta hiri-altzarietan eta kontaktu handiko beste azalera batzuetan ere, hala nola erdiguneko baranda, banku, eskailera eta hondakinentzako edukiontzietan.

Lan hauek egunero egiten ari dira, astelehenetik ostiralera, eta Mankomunitateak egiten diharduen lanekin koordinatuta daude, nahiz eta azken horien eginkizuna kaleak ureztatzea izan.

Desinfekzio-zereginak aurrera eramateko, Brigadaren beharginek beharrezkoak diren ekipo bereziak dituzte, lan hori segurtasun osoz egin ahal dezaten.

Azaleretan emango den produktua sodio hipokloritoa da (osagai kimiko hori oso eraginkorra da lekuak desinfektatzeko). Produktu hori erabilitako proportzioetan osasunarentzat kaltegarria ez bada ere, arropetan eragin ditzake kalteak; beraz, herritarrei ohartarazten zaie lainoztutako gainazalak ez dituztela ukitu edo erabili behar desinfektatu eta berehala.