Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udaleko Bozeramaile Batzordearen adierazpen instituzionala, 2016ko uztailaren 7an gertaturiko bortxaketagatik emandako sententziaren inguruan

2018/04/27

Nafarroako Probintzia Auzitegiaren sententzia jakin berritan, non 2016ko uztailaren 7an hainbat gizonek emakume bat bortxatu zuten, Eibarko Udaleko Bozeramaile Batzordeak honakoa ADOSTU DU:

LEHENIK.- Udal honek eta Eibarko herriak bere babes, maitasun eta elkartasuna adierazten die biktimari eta bere senitarteko eta ingurukoei.

BIGARRENIK.- Sententziak jasotzen duenarekin gure erabateko desadostasuna adierazten dugu, eta, bereziki, jazotakoa sexu-abusu jarraitu gisa aitortu duelako. Zentzu honetan, gure babesa erakutsi nahi diegu aipaturiko sententzia inpugnatu edo inpugnatuko duten erakundeei, beharrezkoak diren errekurtsorako bitartekoak erabiliz.

HIRUGARRENIK.- Gure etsipen eta haserrea erakusten dugu sententzia honen aurrean, eta justizia eskatzen duen aldarriarekin bat egiten dugu.

LAUGARRENIK. - Emakume guztiek askatasunerako duten eskubidea aldarrikatzen dugu, eta, era berean, Eibarko herriak ez duela inolako eraso matxistarik onartzen.

BOSGARRENIK.- Udal honek berdintasunaren alde lan egiteko konpromisoa berresten du, mugimendu sozial, feminista, eta, oro har, herritarrekin, eta bereziki, emakumeen eskubideen defentsan eta patriarkatuaren adierazpen ororen aurka.