Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalbuseko bidaia-kostuaren % 50 diruz laguntzeko proposamenarekin bat egiten du Eibarko Udalak

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2022/12/07

Alkateak: “Gure esku dagoen guztia egingo dugu beharrezkoak diren neurri sozialak hartzeko, Eibarko herritarrei eta, bereziki, zailtasun ekonomiko handiak dituztenei, garraio publikoaren erabilera errazteko”.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak 2023an garraio publikoan egindako bidaia bakoitzaren kostuaren % 50eko hobaria ematen jarraitzeko proposamenarekin bat egitearen alde agertu da Eibarko Udala; zehazki Udalbusa hiri-garraio publikoaren udal-zerbitzuari dagokionez, eta betiere Mugi txartela erabiltzen bada.

Joan den udan, Gipuzkoa Garraioaren Lurralde Agintaritzak —Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko entitatea— onartu zuen Mugi txartelarekin egindako bidaia bakoitzaren kostuaren % 50 erakundeek diruz laguntzea (kasu bakoitzean eskumena duen erakundeak). Eibarko Udalak bere gain hartu du hobari hori Udalbusa zerbitzuaren kasuan, udal titulartasuneko zerbitzua baita.

Orain, azaroaren 29an Garraio Agintaritzak hobari horiek 2023an ere ematen jarraitzeko egindako proposamenaren aurrean, “Udalak ez du zalantzarik izan proposamenarekin bat egiteko, eta ahalegin ekonomiko handiagoa egin du Udalbusaren zerbitzuaren kostuak herritarrengan ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Gure esku dagoen guztia egingo dugu beharrezkoak diren neurri sozialak hartzeko, Eibarko herritarrei eta, bereziki, zailtasun ekonomiko handiak dituztenei, garraio publikoaren erabilera erreazteko”, adierazi du Jon Iraola alkateak.

Iraolak esan duenez, “Udalaren ustez, gaur egun, familia askok dituzten zailtasun ekonomikoen aurrean, lehentasuna du garraio publikoaren erabilera erraztuko duten neurri sozialak hartzeak, batez ere baliabide ekonomiko gutxien dituztenen kasuan".