Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalbatzak onartu ditu oinarriak Txontako auzokideek beren etxeak eraberritzeko Eusko Jaurlaritzaren 2,3 M €-ko diru-laguntzak jasotzeko

Udalbatzak onartu ditu oinarriak Txontako auzokideek beren etxeak eraberritzeko Eusko Jaurlaritzaren 2,3 M €-ko diru-laguntzak jasotzeko

Txonta auzoa.

2018/08/01

Diru-laguntza hori Oinarrietan jasotako jarduerak aurrera eramateko izango da, besteak beste, etxebizitzetarako irisgarritasuna bermatzeko edota eraikinaren isolamendua hobetzeko.

Joan den asteartean, uztailaren 24an, Udalbatzak onartu egin zituen (PSE-EE, Eibarko EH-Bildu eta Irabaziren aldeko botoekin eta Eibarko EAJ-PNVren abstentzioarekin) Txontako auzokideek 2,3 milioi euroko diru-laguntza arautzeko Oinarriak; diru-laguntza hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailak eman du, eta auzoko 17 atariren (2, 3, 5, 15, 17, 25, 27, 29, 36, 38, 40, 42, 44, 46, 48, 50, 52 zenbakiak) eraberritze integral eraginkorrera dago bideratua; guztira 221 etxebizitza eta hainbat lokal komertzial.

Diru-laguntza Oinarrietan aurreikusitako jarduerak egiteko izango da, hala nola igogailuak jartzea, arrapalak egitea eta etxebizitzen irisgarritasuna bermatuko duen beste edozein obra, eta eraikinaren isolamendua hobetzea (fatxadak, teilatua, hegala…) kalifikazio energetikoa gutxienez letra batean igoko duten jardueren bidez.

Halaber, energia-kontsumoa murrizteko borondatezko beste jarduera batzuk egiteko erabili ahalko da diru-laguntza, esate baterako, galdara indibidualen ordez errendimendu altuko gas naturalekoak jartzea, eguzki panel termikoen bidezko ur beroa sortzeko sistemak ezartzea, edo berokuntza- eta ur beroaren sistema zentralizatua jartzea biomasa-galdararekin edo energia berriztagarriekiko beste sistema batzuekin.

Diru-laguntza eskatzeko epea 2019ko abenduaren 30era arte egongo da zabalik.

Oinarriak onartu aurretik, Udaleko Hirigintza sailak hainbat bilera egin ditu Oinarri hauen edukia azaltzeko: hiru eragindako pegoren Jabekideen Komunitateetako presidenteekin, beste orokor bat auzokideekin, eta beste bat “Txontako Mahaiarekin"; jasotako ekarpenak aztertu dira eta baita batzuk oinarrietan sartu ere. 

Jon Iraolak, Udaleko Hirigintza zinegotziak, adierazi du “aukera aparta dela Txontako bizilagunek beren etxeetan zaharberritze-obrak egiteko; izan ere, hasteko, kostuaren % 60-ko diru-laguntza dute ziurtatuta. Horri gehitu dakioke onartu dugun diru-laguntza berezia, zeinak are gehiago handitu ahalko lukeen jasoko den diru-laguntza; kasu batzuetan obren % 100era irits liteke. Beraz, hauxe da obrak egiteko momentua”.

Diru-laguntza bereziak

Joan den uztailaren 24ko Udalbatzak, orobat, diru-laguntza berezi batzuk arautzeko Oinarriak onartu zituen; diru-laguntza berezi horiek zaharberritzeko obrei ekiteko zailtasun ekonomikoak dituzten Txontako auzokideei zuzenduta daude.

Hala, 21.000 euroko edo hortik beherako urteko diru-sarrerak dituzten Txontako bizikidetza-unitateek diru-laguntza arruntez gain beste diru-kopuru osagarri bat izango dute gorago aipatutako Funts gehigarriaren kargura (hori guztia diru-laguntza berezi horien Oinarrietan jasotako baldintzetan ezarritakorekin bat etorriz); osotara, eta onuradunen baldintza ekonomikoaren arabera, obren % 100eraino irits liteke laguntza.

Iraolaren hitzetan, “jakitun gara zein den auzoaren errealitate sozioekonomikoa eta horregatik sortu ditugu diru-laguntza berezi hauek. Saihestu nahi dugu jendeak obrak ez egitea dirurik ez daukalako, eta, horregatik, diru-laguntza arruntez gain, diru-funts berezi bat sortu dugu, 200.000 eurokoa. Litekeena da kopuru hori ez izatea nahikoa auzoaren premiei erantzuteko, baina esan beharra dago alkateak konpromisoa hartu duela urtero beharrezkoak diren udal baliabide ekonomikoak bideratzeko diru-laguntza berezi horretara".

“Era honetan, Eibarko Udalak beste behin argi laga nahi du auzoarekin duen konpromisoa Txontako eraberritze integrala errealitate bihur dadin.”

Txontako bizilagunentzako bulegoa

Azkenik, eta diru-laguntza osoaren kargura, Udalak irailean informazioa emateko bulego bat irekiko du Txontan auzokoek diru-laguntzen edukiaren berri izateko, kontratatzen dituzten obren proiektuei buruz kontsultak egiteko, bai eta bulegoan bertan eskaerak eta dagokien dokumentazioa aurkezteko ere.