Eibarko Udala
udal aurrekontuak

Udalbatzak 62,1 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu 2026rako, pertsonak, inbertsioa eta herriaren etorkizuna erdigunean jarrita

2025/12/18
2025eko abenduaren 18an egindako ezohiko osoko bilkura.
2025eko abenduaren 18an egindako ezohiko osoko bilkura.

Udalbatzak 62,1 milioi euroko kontuak onartu ditu, gizarte-inbertsioa, herriaren berroneratzea eta zerbitzu publikoen kalitatea indartze aldera. Aurrekontua iazkoa baino 6 milioi euro handiagoa da, eta egonkortasuna, anbizioa eta finantza-erantzukizuna oinarri dituen herri-eredua bultzatzen du.

Udalbatzak 62.105.774,47 euroko udal-aurrekontuak onartu ditu 2026 urterako.  Kontu hauek urrats sendoak ematea ahalbidetuko dute, gobernu-taldeak azken urteotan aurrera eramaten ari den herri-eredua kontsolidatzeko. Pertsonei, zerbitzu publikoei eta desberdintasunak murriztera begira egindako aurrekontua da, baina herriaren transformazioa eta Eibarko garapen ekonomikoa ahaztu gabe.

Jon Iraola alkateak bilkuran nabarmendu duenez, “aurrekontu hauek etorkizunari begiratzen dion lan-ildo koherente batetik abiatu dira, baina orain arte ondo funtzionatzen zuena bazter utzi gabe”. Zentzu horretan, hauxe azpimarratu du: “Onartutako dokumentuak gizarte-kontuei arreta berezia jartzen die, oinarrizko zerbitzuak indartzen ditu eta baliabideak modu arduratsuan planifikatzen ditu, eta, hala, gastuaren banaketa orekatua eta jasangarria bermatzen du.

Gobernu jeltzaleko Alberto de la Hozen esanetan, “aurrekontu hauek aurrerapen nabarmenak jasotzen dituzte kudeatzen ditugun arloetan, eta defendatzen dugun kudeaketa-ereduaren ildoak indartzen dituzte. Gobernu taldeko bi alderdiok lan handia egin dugu Udalak ekitaldi hasierarako izan zitzan aurrekontuak, horrek bermatzen baitu denbora izatea hainbat arlotan hartutako konpromisoei aurre egiteko”.

2026ko aurrekontua 2025ekoa baino handiagoa da (6 milioi euro gehiago), eta igoera horrek bi ardatz nagusiri erantzuten die: benetako inbertsioaren indartzeari eta  zerbitzu publikoen eta udal-langileen kontsolidazioari. “Ez da igoera artifizial bat, kontzienteki egindako apustu bat baizik, inbertsio estrategikoei aurrea hartzeko eta Udalari herritarren benetako premiei erantzuteko beharrezkoa den gaitasuna emateko”, adierazi du Iraolak.

Aurrekontuaren gakoetako bat kanpo funtsek ematen duten aukera da, bereziki LJE funtsek; izan ere, 2028ra arte 12 milioi euro baino gehiago mugituko dituzte funts horiek. 2026an, 4 milioi euro sartuko dira dagoeneko LJE inbertsioetan, eta horrek ohiko baliabideekin aurrera atera ezingo liratekeen proiektuak martxan jartzea ahalbidetuko du.

Hauek dira egingo diren lan nabarmenenak: Azitaingo industrialderako ibilgailuen sarbidea hobetzeko obrak (1.478.000 euro); Matxariako industrialdeko irisgarritasunaren hobekuntza (200.000 eurotik gorako hasierako inbertsioa 2026an); Larrañaga eta Elorza eraisteko eta berrurbanizatzeko lanak (550.000 euro); edo turismoan egingo diren inbertsioak (500.000 euro). Horrekin batera, aipatzekoak dira LJE Kultura (Armagintza Museoaren modernizazioa) eta LJE Errebal proiektuak, guztira 563.000 euroko zuzkidura dutenak.

Guztira, 2026an, Udalak 14,8 milioi euro bideratuko ditu inbertsio errealetara; kopuru horrek argi uzten du aurrekontu hauen izaera eraldatzailea. Udal lehentasunen artean Ubitxa aldean egingo den aparkalekua dago (milioi bat euro); Hijos de Gabilondoren birgaitzea, herriko gune horretarako proiektu traktorea dena (2.461.624 euro); Jardiñetan eta Egogain-Isasin jarriko diren igogailu berriak (esku-hartze bakoitzerako milioi bat euro inguru); eta beste zenbait proiektu, birnaturalizaziori eta espazio publikoa berreskuratzeari begira.

Aurrekontuaren beste ardatzetako bat da Pertsonaleko 18.296.907 euroko kapituluaren igoera (500.00 euro gehiago inguru), 1,5 milioi euro inguruko aurreikuspen gehigarriarekin, lanpostuen balorazioa aplikatzeko. Igoera horrek lanpostuen balorazioari, errelebo- eta mentoretza-planari eta beharrezkoak diren langile-profil berrien kontratazioari erantzuten die.

Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasun zinegotziak hauxe adierazi du: “Auzo-bileretan jaso ditugun mugikortasunaren inguruko kezkei erantzungo diegu. Asteburuetan erdigunetik urrun dauden guneetara iristeko garraio publikoa ezartzea aztertuko da, hiri-inguruneko seinaleak hobetuko ditugu, eta, jakina, udal-zuntz optikoaren gaia ere aztertzen jarraituko dugu. Zuntz hori 2026ko ekitaldian ezarriko da, herriko gune estrategikoetan trafikoa kontrolatzeko kamera berriekin batera. Horrez gain, aparkalekuak gure lehentasuna izaten jarraitzen du, baita planifikatutako oinezkotzea ere”.

Ogasuneko zinegotzi Luis Vicente Castellanosek azaldu duenez, “pertsonalean inbertitzea zerbitzu publikoetan inbertitzea da, langile egokirik gabe, ez baitago funtzionatuko duen udal-politikarik”. Castellanosek dioenaren arabera,  “aurrekontu honek udalaren ahalmen operatiboa indartzen du eta, era berean, herritarrei  arreta hurbilagokoa eta eraginkorragoa ematea bermatzen du”.

2026ko kontuek ikuspuntu sozial argia dute. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak indartu egin dira (650.000 euro), eta lehentasuna eman zaie adineko pertsonei eta mendekotasunen bat dutenei, zerbitzu sozialei, berdintasunari, gazteriari eta inklusioari. “Hiri-eraldaketak ez du zentzurik ez badoa gizarte-kohesioarekin eta gehien behar dutenei eman beharreko babesarekin batera”, baieztatu du Iraolak.

Aurrekontuak garapen ekonomikoaren eta enpleguaren aldeko apustua ere egiten du, eta hainbat ekintza sartu dira, xede hauekin: industrialdeetarako sarbideak hobetzea, Errebaleko proiektua kontsolidatzea, tokiko merkataritza babestea, enpresa-proiektu berriei laguntzea eta enplegagarritasuna hobetzea.

Eva Juezek zuzentzen duen Ingurumenaren arloan, honako ekintza hauen aldeko apustua egin da: hiri-zuhaitzen planarekin jarraitu, lurrak erosi eta klima-babeslekuak sortu. Horrez gain, proiektu ugari daude, eta arloa indartzeko asmoz beste pertsona bat kontratatuko da, sailak duen garrantziaren seinale. Bestalde, Mertxe Garatek eta Elena Ibañezek zuzentzen dituzten Egoibarra Sailean eta Berdintasun Sailean, hurrenez hurren, sail bakoitzaren ohiko lan garrantzitsuaz gain, aurrekontu-partida bat koordinatuko dute Goi Argi Elkartearen 75. mendeurrenean omenaldia egiteko.

Jon Perez buru duen Gazteria  Sailak espazioak egokitzearen aldeko apustua egiten du, hala, neska-mutikoek jolasteko aukera izan dezaten haientzat egokitutako ingurune batan, eta Aiora Arrietak zuzentzen duen Euskara Sailaren aurrekontuak datozen 10 urteetarako plan estrategiko berria du ardatz, baita herriko elkarteekin adostutako euskara bultzatzeko neurriak ere.

Kultura eta Kirol arloetan, kontuek kalitatezko kultura-eskaintza zabala bermatzen dute, baita klub eta erakundeekiko babes egonkorra, instalazioen etengabeko hobekuntza eta euskararen sustapena ere, identitate- eta kohesio-ardatz gisa. “Partida hauek ez dira gastu osagarri bat; ongizaterako eta talde-lana indartzeko egindako inbertsioak dira”, azpimarratu du alkateak.

Diru-sarreren atalean, aurrekontuak 49.885.772,56 euro aurreikusten ditu (2025ean,  46,19 milioi, aurten baino 3,69 milioi gutxiago). Igoera, batik bat, foru-funtsaren gorakadaren ondorioa izan da. Tokiko zergei dagokienez, % 2,5eko eguneratzea proposatzen da, “moderatu eta selektibo” gisa definitzen dena, eta eguneraketaren helburua da bermatzea nahikoa bitarteko izango direla herritarrengan gehiegizko inpaktua izan gabe.

9. kapituluak ahalbidetzen du aurrekontua 12.220.001,91 euroko kreditu-aurreikuspenarekin orekatzea, aurreikuspen hori planifikatutako tresna arduratsua gisa ulertuta. “Eibar finantza-egoera sendo batetik abiatzen da, zor bizirik gabekoa, eta horrek kaudimen eta lasaitasunerako tartea eskaintzen digu”, azpimarratu du Castellanosek, zeinak, era berean, nabarmendu duen egoerak ez dituela arriskuan jartzen udalaren aurrekontu-eta finantza-egonkortasuna.

2026rako udal-aurrekontuak, gainera, exekutatzeko behar den egonkortasun politikoa eskaintzen dute. “Eibarrek ezin dio lekurik utzi blokeoari; aurrekontu hauek berme dira gure herriak aurrera egiten jarraitu dezan. Era berean, aipatu beharra dago gobernu-taldearen ahalegina kontuak ahalik eta azkarren indarrean sar daitezen, eta, aldi berean informazioa eta analisirako denbora emanez oposizioko alderdiei”, adierazi du alkateak.

 “Aurrekontu hauek zifra hutsak baino gehiago dira”, esan du amaitzeko Jon Iraolak. Auzoak eraldatzen dituzten inbertsioak dira, indartzen diren zerbitzu publikoak dira, eta baita erdigunean dauden pertsonak ere. Aurrekontu anbiziotsuak dira, baina errealistak, sozialak eta arduratsuak, gaurko pentsatuak eta etorkizuneko Eibarrerako diseinatuak”.

2026rako udal aurrekontuen onarpenaren prentsaurrekoa. Jon Iraola alkatea, Luis Vicente Castellanos (PSE-EE), eta Alberto de la Hoz eta Eva Juez, Eibarko EAJ-PNV udal taldeko zinegotziak.