Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalaren gaitzespena azken egunotako ekintza basatien aurrean

2014/05/06

Hiritarrei laguntza eskatzen zaie “Txopitea eta Pakea” eskultura margotu, Akondiako gurutzea apurtu edo Santa Kruz eskolako komunetan kalteak egin dituztenak identifikatzeko.

Eibarko udalak gaitzetsi eta salatu egin nahi ditu azken egun hauetan gure hiriko kultura- eta historia-ondarearen kontra eta espazio publikoen aurka egindako ekintza basati horiek. Hortaz, egindako basakeri horiek argitzearren eta gizalegearen kontrako jokabide horiek sustraitik moztearren, hiritarren laguntza eskatzen du, ahal bada behintzat, hori egin dutenak identifikatzeko. Gogora ekarri behar da kultura- eta historia-ondarea kaltetzea eta apurtzea delitu penala dela, eta egileek -egin dutenaren erantzukizuna beraien poltsikotik ordaintzeaz gain- kartzela-zigorra jasan dezaketela.

Orain dela aste pare bat baino ez da “Txopitea eta Pakea” eskulturari pintada bat egin zitzaiona. Eskultura hori, Jorge Oteiza eskultoreak gure herriko Daniel Txopitea artegilearen omenez egin eta Eibarri emandakoa, anbulatorioko parkean jarri zen 2013ko ekainaren 20an;  jarri zenetik oraindik urtea betetzeke dagoen honetan, egin zaion kaltea benetan handia da.

Asteburu honetan beste basakeria bi egin dira, ez herrian, gure mendietan baizik. Larriena Akondiakoa izan da, hango gurutzea zeharo apurtuta geratu baita. Gurutze hori,  gerratean leku hartan hil zen altxatutako ejertzitoko Matias Zaragozano kapitainaren oroimenez  jasotakoa zen, 70. hamarkadan ere kaltetuta geratu zen artefaktu txiki bat ipini  eta gurutzearen oinarriaren zati bat apurtu zutelako, gurutzeak zuen plaka zeukan zatia alegia. Halatan ere, Akondiako gurutzeak, eibartar belaunaldi askok ezagutu duen ondarea, leku esanguratsu bat markatzen zuen, eta udalak -ingurune hari museo-edukia emateko lanean ari da- zinez eta esanez deitoratzen du gurutzea apurtu izana. 

Santa Kruz eskolako komunek ere jasan dute asteburu honetan bandalo edo basati horien erasoa. Euri-urak jasotzeko zorrotenak zulatu egin dituzte, ematen duenez karabinarekin, eta komunetako tapa bat errepidean agertu da.  Aipatu behar da komun horiek orain dela gutxi konpondu direla, urtero, egun hauetan, Santa Kurutz auzoko jaiak ahalik eta modurik onenean igarotzeko, udal lantaldeak egiten dituen mantentze-lanen barruan.

Eibarko udalak hiritarrei deitu eta laguntza eskatzen die ekintza basati horien egiletza argitzeko; baina ez bakarrik horiena, baita hiriko ondareari edo hiri-altzaritzari egin dakiokeen beste edozein kalterena ere. Horregatik, gertakari horiei buruzko argibideren bat edo/eta hori egin dutenei buruzko informazioren bat ematerik duenari, udaltzaingora etortzea erregutzen diogu. Udalak, aurretik,  eskerrik beroena ematen die herritarrei laguntzearren, denonak diren gauzak zaintzearren.