Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalaren diru-laguntza deialdia: "Nazioarteko lankidetza eta garapena" eta "Elkartasun Bekak"

2018/07/13

Diru-partida 236.859 eurokoa da, eta Eibarko kooperanteentzat 1.500 euroko beka bana emango da. Herritarren artean garapenerako lankidetzaren esparruan sentsibilizazio-jarduerak egiteko diru-laguntza programaren deialdia ere egin du Udalak.

Eibarko Udalak aurtengoan ere berriro atera ditu ‘Nazioarteko lankidetza eta garapena’ eta ‘Elkartasun bekak' laguntza-programen edizio berri bat. Urte asko darama Udalak diru-laguntza ekimen horiek bultzatzen; alegia, gobernuz kanpoko erakundeen proiektuak nahiz nazioarteko lankidetzan eta elkartasunean lanean ari diren Eibarko kooperanteen proiektuak. Era horretan, Udalak berretsi egiten du daukan konpromisoa aurrekontuaren % 1 nazioarteko lankidetzara eta elkartasunera bideratzeko.

“Nazioarteko lankidetza eta garapena” programari dagokionez, aurtengo diru-partida 236.859 eurokoa da, eta laguntzon helburua Gobernuz kanpoko erakundeei diru-laguntzak ematea, munduan dauden herrialde pobretuetako biztanleriaren egoera sozioekonomikoa hobetzeko eta herrialde horietan dauden desberdintasunak gainditzeko jarduketak egin ditzaten. Aldi berean, Eibarko gizartean bertan ere, nazioarteko lankidetzarekin eta herrialde txiroen garapenarekin lotutako gizarte-eraldaketarako hezkuntza ezagutarazi eta sustatu nahi da.

Laguntza horiek jasotzeko baldintzen artean hauexek daude: eskaera egiten duten elkarteek Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan egon behar dira inskribatuta; elkarteok, beren egoitza nagusia edo ordezkaritza Eibarren eduki behar dute; herrian bertan, garapenerako heziketa edo sentsibilizazio-programak edo jarduera espezifikoak garatu behar dituzte, eta esperientzia izan behar dute garapenerako lankidetza-jardueretan.  Proposamen bakoitzari emango zaion diru-laguntza ez da izango 80.000 eurotik gorakoa.

Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 20an amaituko da. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira www.eibar.eus udal webgunearen bidez

‘Elkartasun Bekak’

'Elkartasun Bekak' programa ere abian da berriz ere; lankidetzako beka bi ematea du helburu, Eibarko gazteen artean nazioarteko elkartasuna sustatzeko. Beka horiek eskuratzeko bete beharreko baldintzen artean honako hauek daude: lankidetza hori GKEren bat garatzen dabilen edo martxan jarriko duen proiekturen batean egitea eta xede-herrialdean gutxienez bi hilabetean egotea.

Udalak 3.000 euro bideratuko ditu programa honetarako, bi bekatan banatuta, bakoitza 1.500 euroko zenbatekoarekin. Bekak eskuratzeko baldintzak hauexek dira: 20 eta 40 urte bitartekoak izatea, beka eskatu baino hiru urte lehenago Eibarren erroldatuta egotea, eta beste erakunde edo elkarte batek emandako antzeko beste bekarik eskuratu ez izana.

Bekak diruz lagunduko dituen gastuak joan-etorrietarako erabil daitezke, istripu- edo gaixotasun-poliza bat izenpetzeko, edo xede-herrialdean sor daitezkeen gastuei aurre egiteko, hala nola, ostatu-, mantenu- edo bidaia-gastuak. Beka hauek eskuratzeko eskaera-epea zabalik egongo da abuztuaren 6ra arte, eta eskaerak Pegoran, Herritarren Zerbitzu Bulegoan egingo dira.

Sentsibilizazio-proiektuak

Gainera, eta lankidetzarako udal proposamenen barruan, Udalak beste urte batez deitu du garapenerako lankidetzaren arloko sentsibilizazio-proiektuen programa. Sentsibilizazioa bultzatzea da programa honen helburua; alegia, Eibarko gizartean garapen bidean dauden herrialdeekiko eta horietatik etorri diren pertsonekiko elkartasun- eta kontzientziazio-izpiritua sustatzea, eta balio hauek sustatzea: ekitatea, tolerantzia, diskriminazio-eza, eta jatorri ezberdinetako gizaki eta kulturen arteko elkartasuna.

Diruz lagundutako proiektuetan erakunde eskatzaileetako boluntarioek edo oinarri sozialak parte hartu beharko dute, eta kolektibo espezifikoak izango dituzte xede edo Eibarko biztanleak oro har, jardunaldien, seminarioen, erakusketen, ikastaroen edo beste jarduera batzuen bidez. Proiektu bakoitzari eman dakiokeen diru-laguntzaren zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da gehienez. Diru-laguntzen eskaerak elektronikoki egingo dira www.eibar.eus udal webgunearen bidez abuztuaren 6ra arte. 

etiketak: diru-laguntzak, Eibar