Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalaren, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkari politikoak batu dira ekitaldi instituzionalean Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrena gogoratzeko

Udalaren, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkari politikoak batu dira ekitaldi instituzionalean Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrena gogoratzeko

Ezkerretik eskumara: Aintzane Ezenarro, Gogorako zuzendaria; Eibarko alkate Miguel de los Toyos eta Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatua, Denis Itxaso.

2017/04/21

Eibarko Udalak, Gogora: Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, gogora ekarriko du Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrena, herriak bizi izan duen unerik latzena. Horretarako, apirilaren 25etik 30era hainbat ekitaldi antolatu dira.

Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrena gogoratzeko egitarauaren aurkezpen instituzionala hartu du gaur ostirala, hilak 21, Eibarko Udaletxeak. Bertan izan dira Eibarko alkate den Miguel de los Toyos; Gogora: Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria, Aintzane Ezenarro, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatua, Denis Itxaso. Eibarrek jarduera ezberdinak hartuko ditu (hitzaldiak, tailerra, kontzertua...) apirilaren 25etik 30era aipatutako urteurrena gogora ekartzeko.

Miguel de los Toyos alkateak adierazi duenez "garrantzitsuena da bizikidetasunaren oinarriak ezartzea duela 80 urte gertatutako ezbeharra berriz ere gerta ez dadin, ez gure hirian ezta mundu osoan ere". Halaber, Santiago Arizmendiarrietaren Mis memorias (Ego Ibarra, 2016) liburuari buruzko aipamena eginez alkateak omenaldia egin nahi izan die garai hartan bonbardaketak pairatu zituzten pertsona guztiei.

Gogora institutuko zuzendari den Aintzane Ezenarrok, berriz, beharrezkotzat jo du "elkarlan instituzionala" duela 80 urte gertatutakoa gogoratzen jarraitzeko eta berriz ere gerta dadin saihesteko. Ezenarrok adierazi du "bonbardaketak sufritu zituzten pertsonak gogora ekartzea ezinbestekoa dela duintasuna berreskuratu dezaten". Gainera, esan du "une hartan gertatutakoa gogoeta bat sortu behar du eta belaunaldi berriei transmititu behar zaie". Gogora institutuko zuzendariak gogoratu du Eibar, Gernika, Durango edota Bilbo bezalako udalerriak bonbardatu zituztela eta, horregatik, guztiei sor zaiela memoria.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren diputatu den Denis Itxasok nabarmendu du "Eibarrek jokatzen duen papera eta sinbologia bonbardaketan, neurri batean, II. Errepublikaren aldarrikapenarengatik edota Intxortan gertatutako gerra zibileko gertaera lazgarriagatik". Aldi berean, azpimarratu ditu "Eibarko hiriaren gaitasuna memoria bizirik mantentzeko eta beste herrialdeekiko elkartasuna". Zentzu horretan, Itxasok gogoratu du errefuxiatuak hartzeko eskaini zen lehen hirietako bat Eibar izan zela .

Jardueren programa

Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrena gogoratzeko egitarau zabala antolatu da. Juan Pablo Fusi katedratikoak gerra zibilari buruzko hausnarketa sakona egingo du apirilaren 25ean, 19:30ean, Coliseoan emango duen hitzaldian. Bonbardaketaren inguruko lekukotasun zuzena utzi zuen Santiago Arizmendiarrietak bere Mis memorias (Ego Ibarra, 2016) liburuan (ikus 107-113 orrialdeak). Apirilaren 25ean bertan, “gerrazibilaeibarren” doako aplikazioan dauden hiri-ibilbideak deskargatu ahal izango dira.

Bestalde, tranpantojo bat egingo da Egogain kalean, bonba batek jo zuen tokian, Labaderokua gerra-babeslekuan, sasoi hartan O’Donell kalea, herriko labaderuak zeuden lekua.

Apirilaren 28an, Coliseoan, 20:30ean, Eibar 1937 . 80 urte hitzaldi dramatizatua eskainiko da, ondorengo parte-hartzaile hauekin: Jesús Gutiérrez historialaria, Nerea Arriola biolin-jotzailea, Biraka Dantza Taldea, Koro Gaztea, Kezka Dantza Taldea, Lekim animazioak, Itzamna eta herriko antzezleak. Sarrerak bi euro balio du.

Apirilaren 29an, gerra aurreko Eibarko planoa marraztuko da klarionez Untzaga plazan, 16:00etatik 20:30era. Egun horretan, gauez, berriro eskainiko da Eibar 1937. 80 urte hitzaldi dramatizatua, oraingo honetan Untzaga plazan, harmailen aldean, 22:00etan.

Apirilaren 30ean, Cielito musika bandak kontzertu berezia emango du Coliseoan, 12:30ean, gerrako filmetako soinu-banda ezagunak.

Bestalde, Gervasio Sanchezen Sarajevoko argazki erakusketa hartuko du udaletxeko patioak maiatzaren 20tik ekainaren 20ra bitartean; ekainean Mikel Aiestaran kazetariak hitzaldia eskainiko du eta bi mahainguru egingo dira.