Udalak Urkira eta Polonia Etxeberriara zabaldu du Taxibusaren zerbitzua

Eibar airetik. Argazkia: Ego Ibarra.

Eibar airetik. Argazkia: Ego Ibarra.

2021/06/18

Duela gutxi Urkin Udalbuseko geltokia kendu zela-eta, bizilagunek beste garraio-konponbide bat eskatu zuten auzorako. Taxibusak astelehenetik ostiralera funtzionatzen du, egunero lau zerbitzu ditu eta Udalbusa iristen ez den lekuetan geratzen da.

Taxibuseko zerbitzuak Urkin eta Polonia Etxeberrian ere izango ditu geltokiak datorren astelehenetik aurrera (ekainak 21). Orain arte, taxibusak ibilbide bera egiten zuen egunero —astelehenetik ostiralera—, Egogainetik irten, Txantxazelairantz jo, eta Sansaburu eta Errekatxutik jarraitzen zuen, bai eta herriko beste toki batzuetatik ere.

Astelehenetik aurrera, zerbitzua Polonia Etxeberriara (9:33an, 11:33an, 12:33an eta 16:33an) eta Urkira ere (minutu bat geroago) iritsiko da.

Horrela, aldaketa hauekin, taxibusak astelehenetik ostiralera emango du zerbitzua, 9:30ean Egogainetik abiatu eta honako leku hauetan geratuz: Polonia Etxeberria, Urki, Txantxazelai, Sansaburu, Errekatxu, Bidebarrieta, Bittor Sarasketa, Matxaria 6, Matxaria 20, Jardiñeta 27, Jardiñeta 9, Ardantza, Itzio, eta Berriz ere Egogainera.  Orain arte bezala, egunero lau zerbitzu egongo dira (hiru goizez eta bat arratsaldez).

Polonia Etxeberria eta Urkirako azken luzapen hori duela gutxi etorri da, erabilera urria zela-eta Udalbusek ordura arte Urkin zuen geltokia kentzea erabaki ondoren. Udalbusaren berregituraketaren ondorioz, auzo horretako bizilagunek eskatu zioten Udalari garraio publikoren bat jar zezala Urki eta Polonia Etxeberriako auzotarrentzat. Eta soluzio gisa, Udalak taxibusaren zerbitzua eramatea auzo horretara erabaki du.

Erabakia hartu ondoren, Jon Iraola Eibarko alkateak adierazi du neurri honen helburua dela “konponbideak ematen jarraitzea eibartarrak herrian eroso mugi daitezen garraio publikoan”, eta, horren harira, uste du “zerbitzuaren egokitzapen honek aukera ematen duela helburu horretan aurrera egiteko”.

Aldaketa hauen berri emateko, Udalak informazio-kartelak jarri ditu geltokietan.

Taxibusa Eibarko Udalak duela urte asko eskaintzen duen zerbitzu bat da, eta  Udalbusa —oso jende gutxik erabiltzen duelako edo mikrobusen irisgarritasunaren zailtasunengatik— iristen ez den lekuetara ailegatzen da.

Zerbitzua emateko, zortzi plazako ibilgailu bat dago, mugikortasun urriko pertsonei edo gurpil-aulkietan dabiltzanei bertara igotzeko sistemak dituena. Taxibusaren tarifa Udalbusaren berbera da.