Eibarko Udala
aparkalekuak

Udalak Ugartetxea eraikina erosi du Txontan aparkaleku berri bat egiteko

2026/01/09
Aparkaleku berriaren tokia.

Eusko Jaurlaritzak emandako milioi bat euroko laguntzari esker, hamarkadetan zehar hutsik egon den eraikin bat berrerabiltzea ahalbidetuko du erosketak. Higiezinak zerbitzu emango die auzoko berroneratze integralaren barruan aurreikusten diren babes sozialeko 200 etxebizitzei.

Eibarko Udalak Ugartetxea eraikina (Txonta kalea, 30) erosi du, auzoa berroneratzeko aurreikusten diren 200 etxebizitza babestuetarako aparkaleku bihurtzeko.Eusko Jaurlaritzak emandako milioi bat euroko zuzeneko dirulaguntza bati esker erosi ahal izan da eraikina.

Ugartetxea duela hainbat hamarkada eraiki zen, baina inoiz ez da erabili. Hura eskuratzeak aukera emango du hutsik zegoen espazio bat erabiltzeko, hirigintza-kalterik eragin gabe eta inguruaren garapena arrazionalagoa eta jasangarriagoa izaten lagunduz. Hala, eraikina Txontako bizitegi-eremu berriaren funtzionalitatea bermatzeko funtsezko azpiegitura bihurtuko da.

Jon Iraola Eibarko alkateak erosketaren gaineko balorazio positiboa egin du eta epe motzera eta luzera izango duen eragina azpimarratu. “Ugartetxea eskuratzea jarduketa estrategikoa da auzoaren eraldaketaren barruan. Erabiltzen ez zen eraikin bat berreskuratuko dugu, eta herritarren benetako premia bati erantzutera bideratutako babes-etxebizitzen proiektu baten zerbitzura jarriko dugu”, adierazi du.

Era berean, Iraolak nabarmendu duenez, “esku-hartze hau Udalean defendatzen dugun hiri-ereduaren isla da: dagoena berrerabiltzen duen hiria, etorkizunera begira planak egiten dituena eta etxebizitza duinari lehentasuna ematen diona. Erabiltzen ez zen eraikin bat izatetik Txontako bilakaera antolatuaren gako izatera igaro da Ugartetxea, zeinaren bidez, oinarrizko zerbitzuak bermatuko diren eta etxebizitzaren, mugikortasunaren eta jasangarritasunaren arteko oreka indartuko den. Inbertsio honek berehalako premia bati erantzuteaz gain, epe luzera ere hobetuko du auzoa”.

Hirigintza Saileko Luis Vicente Castellanos zinegotziak jarduketak udal-antolamenduaren koherentzia berresten duela nabarmendu du. “Etxebizitza berrien aparkalekua ziurtatzea oso garrantzitsua zen. Ugartetxea berrerabiltzearen aldeko apustua egiteak aukera ematen digu erabilera eraginkorra egiteko, zoru gehiago erabili gabe eta Txontaren berroneratzea gidatzen duten jasangarritasun-irizpideekin lerrokatuta”, azaldu du.

Jarduketa Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren egokitzapen puntualaren barruan sartzen da, zeinak behin-behineko onarpena duen, eta 200 babes-etxebizitza  eraikitzeko aukera ematen duen, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin adostuta. Bestelako proiektuak ere badaude martxan, esaterako, Opengela izenekoa, energia birgaitzera eta eraikinak hobetzera zuzenduta dagoena. Dagoeneko jabe-erkide bat baino gehiago ari dira horretaz baliatzen.  

Ugartetxea eskuratzea hirigintza-berroneratze zabalago baten parte da, Txonta auzoa bizigarriago, irisgarriago eta egungo beharretara egokituago bihurtzeko, bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetu eta gunearen bizitegi-erakarpena indartze aldera.