Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak semaforo-pantaila bat jarriko du Berdintasunaren Pasealekua Amañako dorreekin lotzen duen igogailuaren funtzionamendu-egoeraren berri emateko

Artxiboko irudia. Berdintasunaren Pasealekua.

Artxiboko irudia. Berdintasunaren Pasealekua.

2021/11/15

Gaur hasiko dira semaforoa jartzeko lanak; pantaila igogailura iritsi baino berrehun bat metro lehenago kokatuko da. Udalaren jarduera honekin, auzotarren eskabide bati erantzuten diona, ez da igogailuraino joan beharrik izango hura ez badabil.

Eibarko Udalak obrak hasiko ditu, gaur, azaroak 15, informazio-pantaila bat jartzeko, Berdintasunaren Pasealekua eta Tiburtzio Anitua (Amañako lehen dorrea) kalea lotzen dituen igogailu publikoaren funtzionamendu-egoeraren berri izateko.  Pantaila Amañako pasealekua Otaola kalearekin (Ospitalearen ondoan) lotzen duen pasarelatik gertu jarriko da.

Semaforoak eskainiko duen informazioak aukera emango die pasealekutik dabiltzan edo Otaolatik datozen auzotarrei igogailua dabilen ala ez jakiteko, eta, hala ez bada, beste bide batzuk hartzeko Amañako dorreetara oinez joateko.

Jarduera honek auzokoek Udalari egindako eskaera bati erantzuten dio, igogailua ez badabil haraino alferrik ez joateko, pantaila igogailutik berrehun bat metrora jarriko baita.

Pantailak 1,05 metroko luzera eta 25 zentimetroko altuera izango du, eta bi metro inguruko zutoin baten gainean jarriko da, zorura torlojuekin finkatuta egongo dena.  Lan honen kostua 15.000 euro ingurukoa izango da (BEZa barne).