Eibarko Udala
dirulaguntzak pymeak Eibar lehiakortasuna

Udalak seigarren urtez jarraian lagunduko die herriko pymeei eta diru-kopuru handiagoa emango lehiakortasuna hobetzeko erronketarako

2019/05/22
150.000 euro jarriko dira egitasmorako, 2018an baino 50.000 euro gehiago; dirulaguntzen zenbatekoak 3.750 eta 4.250 euro artekoak izango dira, enpresaren tamainaren arabera, eta 300 euroko laguntza osagarri bat egongo da Jarduera Ekonomikoen Zergaren 3. ataleko enpresendako. Diruz lagunduko dira aholkularitza-gastuak berrikuntza-arlorako, zerbitzuak, prozesuak eta produktuak hobetzeko inbertsioetarako, eta nazioartekotzea sustatzeko ekintzak egiteko.

Eibarko Udalak, aurreko deialdietako esperientzia positiboa kontuan hartuta, martxan jarri du herriko pymeak eta haien erronkak sustatzeko diru-laguntzen programaren beste edizio bat. Deialdi honen helburua da 50 langile edo gutxiago dituzten Eibarko enpresei laguntzea haien lehiakortasuna hobetzeko azterlanak eta ekintzak egiteko, proiektu estrategikoak garatuz.

2019rako deialdi berri honetan, Udalak berrikuntza eta digitalizazio proiektuak lagunduko ditu diruz, lehiakortasunaren hobekuntzarako inbertsio eta ekintzak, eta baita nazioartekotzea sustatzeko ekintzak ere.

Dirulaguntzen kopurua handitzen joan da urtez urte; aurtengo deialdian, 150.000 euroko partida bat jarri da (2018an baino 50.000 gehiago) udal aurrekontuan eta, erantzun gabeko eskaerak geratuz gero, deialdian esleitutako zenbatekoaren  % 20raino igo liteke partida.

Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan, "aurtengo deialdian aplikatutako partidaren igoera nabarmena enpresekin dugun konpromisoaren adibide garbia da, lehiakorragoak izan daitezen lortu nahi baitugu. Erabat sinetsita nago ezen berrikuntza eta produktuei eta zerbitzuei balio erantsia gehitzea ezinbestekoak dela Eibarko enpresak indartzeko".                                              

Dirulaguntzen zenbatekoa 3.750 eta 4.250 euro artekoa izango da enpresaren tamainaren arabera; dirulaguntza handiagoa izango dute tamaina txikiagoko enpresek eta 300 euroko laguntza gehigarri bat egongo da Jarduera Ekonomikoen Zergaren 3. Ataleko enpresentzat.  

Eskaerak aurkezteko epea gaur hasi eta azaroaren 8an amaituko da.  Enpresa bat baino gehiagoren arteko baterako proiektuen kasuan, enpresa bakoitzarentzako zenbatekoa % 25ean gehituko da. Halakoetan, enpresa bakoitzak eskaera bat egin beharko du eta adierazi zein beste enpresarekin edo enpresekin batera aurkezten duen proiektua.  Eskaerak elektronikoki egin beharko dira udal orriaren bidez www.eibar.eus, eta horretarako beharrezkoa da ziurtagiri digital bat izatea (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.)

2018an, dirulaguntza honen enpresa onuradunek era askotariko egitasmoak aurkeztu zituzten, hala nola inbertsioak egitea makinetan, kalitatezko laborategiak eta departamendu berriak sortzea, eta prozesuetan eta produktuetan hobekuntzak egitea, besteak beste.