Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Santakurutz inguruko altzariak berriztu ditu

Udalak Santakurutz inguruko altzariak berriztu ditu

Santakurutz.

2018/04/27

Udalak 7.318 euroko (BEZa barne) inbertsioa egin du eta altzariak auzoko jaiekin batera estreinatuko dira datorren astean.

Santakurutzeko auzoko ermita inguruak, aste honetatik aurrera, altzari berriak izango ditu. Eibarko Udalak, 7.318  euroko (BEZa barne) inbertsio bat egin du eta lehengo altzariak ordeztu eta berriztu egin ditu, urteekin hondatuta baitzeuden.

Ermitaren inguruan hamar mahai ordeztu dira, sei banku eta lau zakarrontzi; dena egurrezkoa eta ingurura egokitua. Gainera, berrogeita hamar bat metro egurrezko hesi berri jarri dira, zaharrak apurtuta zeuden eta.  

Lanak aste honetan amaitu dira, Santakurutzeko jaietarako dena prest lagatzeko. Jaien egitaraua zapatu honetan hasiko da, hilak 28, “triki poteo” batekin eta Ixuan egingo den bertso-afariarekin, non Julio Sotok eta Amets Arzallusek hartuko duten parte. Jaiek jarraipena izango dute maiatzaren 3an, 5ean eta 6an.

Zapatuan, hilak 5, meza egongo da eta “hamaiketakoa”, trikitilariak, haur-jolasak, herri-kirolak, bazkaria Ixuan eta pilota-partiduak Arrateko frontoian. Eta domekan, hilak 6, igoera bat egingo da Urkizutik Santakurutzera, meza ermitan, soka dantza Kezkaren eskutik, txistularien banda eta haur-jolasak.