Udalak saltokietarako autodiagnostiko-erreminta baten aurkezpena hartu du

Saltokietarako autodiagnostiko-erreminta aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

Saltokietarako autodiagnostiko-erreminta aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

2022/10/20

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Dendatu ekimenaren helburua da saltokiek beren posizionamendua eta lehiakortasuna hobetzea etorkizun jasangarri baten aurrean. Establezimendu bakoitzean lortutako diagnostikoa lehen urratsa izango da ekonomia zirkularreko irizpideetan duen egoera ezagutzeko eta trantsizio ekologikoa erraztuko duten eguneroko praktikan aldaketak egiten hasteko.

Eibarko Udalak Dendatu izeneko autodiagnostikorako tresnaren aurkezpena hartu du gaur. Haren helburua da saltokiek beren egoera jasangarritasun- eta zirkulartasun-irizpideetan aztertu ahal izatea, beren kudeaketa Ekonomia Zirkular batera egokitu ahal izateko eta trantsizio ekologikoaren erronkaren aurrean modu lehiakorrean kokatzeko.

Eibar izan da egitasmoa aurkezteko aukeratutako Gipuzkoako udalerrietako bat. Proiektua beste herri batzuetan ere aurkezten ari dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak bultzatzen du, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailarekin, Gipuzkoako udalekin eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin elkarlanean.

Gaur eguerdian Eibarko udaletxean egin den aurkezpen-ekitaldian, Jon Iraola alkateak, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko foru-diputatuak, Gipuzkoako Merkataritza Federazioko eta Eibarko merkataritzako ordezkariek eta trena hau ezartzeaz arduratzen den Sinnple enpresako Maria Rodriguezek  hartu dute parte.

Dendatu, prentsaurrekoan azaldu dutenez, ekonomia zirkularra bultzatzen jarraitzeko eta saltokien ingurumen-jarduera hobetzeko helburuarekin sortu da, denden bolumena, tamaina edo jarduera-sektorea edozein dela ere. Ildo horretan, José Ignacio Asensiok adierazi du diagnostikoa dela lehen urratsa sektore ekonomiko guztietan trantsizio ekologikoa erraztuko duten eguneroko praktiketan aldaketak egiten hasteko.

“Dendatu Gipuzkoako saltokien eskura jartzen dugun tresna bat da -gaineratu du Ingurumen diputatuak-, trantsizio ekologikoaren eskakizunei aurrea hartzeko eta lehiakortasuna indartzeko, jasangarritasunari dagokionez. Jasangarriagoak izateak, energia aurrezteak, hondakinak murrizteak eta bestelako praktikek gure lehiarako gaitasuna indartzea ahalbidetuko digute, gure ingurunea zaintzen dugun bitartean.”.

Eibar izan da Dendatu aurkezteko aukeratu duten udalerrietako bat, kontuan hartu baita merkataritza-sektoreak hirian duen ezarpen eta protagonismo handia. Ildo horretan, Jon Iraola alkateak gogorarazi du oso garrantzitsua dela proiektu hori Eibarren aplikatzea, “Eibarko Udaletik oso interesgarritzat jotzen tresna hori sortzea, Ingurumen eta Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailetatik lantzen ari garen helburuak lortu nahi baititu. Gainera, parte hartzen duten Eibarko dendetatik ateratako ondorioak oso baliagarriak izango zaizkigu gure baliabideen erabilera eraginkorragoa ekarriko duten politikak bultzatzeko, kasu honetan, hirugarren sektorean, eta aurkezten zaizkigun erronkei erantzun zuzenagoa eta eraginkorragoa emateko.”

Gipuzkoako Merkataritza Federazioak eta Eibarko merkatariak biltzen dituzten elkarte eta taldeek lagunduko dute ekimena garatzen, eta haiek izango dute tokiko saltokiei beharrezko informazioa emateko ardura.

Tresna metodologikoa Naturklimaren webgunean egongo da eskuragarri, eta autodiagnostiko formatuan egingo da 15 minututan. Horri esker, Gipuzkoako edozein dendak diagnostiko bat izango du, irizpide zirkularretan nola kokatuta dagoen eta GJHak (Garapen Jasangarriko Helburuak) nola betetzen diren jakiteko, hala nola saltokietako hondakinen kudeaketa, bilgarriak, argiaren faktura, aireztapena, produktuen trazabilitatea, hornitzaileak, eta abar.

Autodiagnostikoa oso modu intuitiboan egingo da eta guztira 18 galdera egingo dira, lau arlo desberdinetan banatuta: ‘Zure establezimendua’, ‘Zure plantilla’, ‘Zure produktua’ eta ‘Negozioaz haragao’.

Behin prozesua amaituta, saltokiak txosten bat jasotzen du, lau arloetako bakoitzean eta lan egindako GJH bakoitzean lortutako jardunaren kalkuluarekin. Saltokiaren egungo egoerari buruzko informazioa emateaz gain, lau ekintza erraz proposatzen dira, jasotako erantzunekin lotuak. Haiei esker, establezimenduko kudeatzaileek erabakiak hartu ahal izango dituzte beren ingurunerik zuzenenean duten eragina hobetzeko.

Dendatu oso harrera ona izaten ari da Gipuzkoan, eta kalkuluen arabera, 2022. urtearen amaierarako lurraldeko 200 saltokik baino gehiago izango dira autodiagnostikoa osatu dutenak. “Espero dugu Eibarren ere egitasmoak harrera ona izatea”, adierazi du Jon Iraola alkateak.

20221022koprentsaurrekoarenirudia2.jpg
Ordezkari politikoak eta Eibarko merkataritzako ordezkariak.