Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak proiektu pilotu batean hartuko du parte haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko organoak diseinatzeko

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2021/11/16

Programak 4 orduko hamar saio ditu guztira, eta bi jada egin dira. Ekimenak aukera emango du Eibarren Haur eta Gazteriaren Kontseiluak sortzeko.

Eibarko Udala, Gazteria Sailaren bitartez, proiektu pilotu batean parte hartzen ari da, haurren eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko organoak diseinatzeko. Proiektuaren azken helburua Haur eta Gazteriaren Kontseiluak sustatzea eta sortzea da. Aurten bigarren edizioa da eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabakoa udalerriak ari dira parte hartzen.

Euskal Autonomia Erkidego osoan egiten ari dira programa. Izena eman zuten 28 herrien artetik, Eibar aukeratu zuten, beste 8 udalerrirekin batera. Edizio honetan hamar saio egingo dira, eta saio bakoitza lau ordukoa izango da. Bertan Ander Curiel Gazteria Saileko zinegotzia eta Gazteria Saileko udal teknikaria parte hartzen ari dira.

Egitasmoan udal bakoitzak bere errealitate eta premiak azaltzen ditu, haurren eta gazteen parte-hartzeari dagokionez, hala, gehien komeni diren organo motak diseinatu ahal izateko. Era horretan, helburua da, azken saiorako, parte-hartze organoak erabat diseinatuak egotea eta martxan jartzeko moduan.

“Oraingoz, programaren lehen edizioan parte hartu duten herrietako esperientzia ezagutu dugu, eta, aldi berean, formazioa jasotzen ari gara parte-hartze organo horien funtzionamenduaren inguruan”, berretsi du Ander Curiel Gazteria Sailaren zinegotziak. Eta zera gehitu du, “hemendik aurrera Kontseilu horien osaketa Eibarko errealitatera moldatzen joan behar dugu, lehenbailehen martxan jartzeko eta modu egokian edukiz hornitzeko”