Udalak proiektu bat du adineko pertsonentzako apartamentu tutelatuak egiteko

Helburua da 9 apartamentu egokitzea, bizi-kalitatea hobetzeko xedez. Espazioak, interakzio soziala sustatze aldera, hiru gune partekatu izango ditu.
Eibarko Udalak lanean dihardu gune berri bat prestatzeko mendekotasun arineko egoeran dauden adinekoei (I. gradua) ostatu emateko. Zerbitzua intentsitate txikiko laguntza-premiak dituzten pertsonentzat dago diseinatuta eta helburua da ingurune bat eskaintzea adinekoak modu autonomoan bizi ahal izateko, betiere haien ongizatea bermatzeko beharrezko laguntza eskainiz.
Proiektuak pertsona batentzako edo birentzako apartamentuak sortzea aurreikusten du. Salbuespenezko kasuetan, familiarentzako apartamentu bat ere izan daiteke, esaterako, bikote nagusia izan eta ezkontideetako batek mendekotasun arina badu eta bere kargura desgaitasuna edo eguneroko bizitzarako zailtasunak dituen seme/alaba edo pertsona batekin bizi bada.
Zerbitzuak laguntza profesionala izango du tutoretza, bitartekaritza, akonpainamendu soziala eta gainbegiratzea eskatzen duten lanetarako, eta arreta pertsonala eta etxekoa eskainiko ditu, beharrezkoa denean. Gainera, prestazio osagarriak eskainiko dira, hala nola mantenua, etxeko garbiketa eta arropa-garbiketa.
Denek partekatutako guneak ere egongo dira, non talde-dinamikak eta tailerrak egingo diren, egoiliarren arteko hartu-emanak sustatzeko. Gainera, eraikinaren beheko solairuan, eguneko arreta-zerbitzua emateko aukera aztertzen ari da; zerbitzu hori bai apartamentuetako egoiliarrei, bai, oro har, herriko pertsona nagusiei zuzenduta egongo da.
Jon Iraola alkatearen hitzetan, "proiektu honekin adinekoie espazio bat eskaini nahi diegu, ahalik eta modu autonomoenean bizi ahal izan daitezen, baina behar duten akonpainamendua eta zaintza izango duten segurtasunarekin”.
Sonia Archeli, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak zera adierazi du: "Apartamentu tutelatuen proiektua aurrerapauso handia da gure gizarte-ongizatearen politikan. Mendekotasun-egoeran daude adinekoei beren premietara egokitutako etxe bat eskaini nahi diegu, modu seguru eta duinean bizi daitezen, jakinda laguntza pertsonalizatua izango dutela". Halaber, zera gehitu du: “Eibarko Udalean uste dugu funtsezkoa dela gure pertsona nagusien autonomia eta bizi-kalitatea hobetzea, haien independentzia errespetatuz eta beharrezkoak diren bitartekoak eskainiz”.
Proiektua bi fasetan egingo da. Lehenengoan, gutxienez, lau apartamentu egokituko dira, eta bigarren fasean, beste bost. Horrela, handitu egingo da zerbitzu honen eskaintza, Eibarren mendekotasun-egoeran dauden adinekoen bizi-kalitatea hobetzea duena xede.
Baliabide komunitario hau Eibarko Udalaren apustu bat da, nagusien beharretara egokitutako ostatu-zerbitzuak eskaintzeko, betiere pertsona adinekoen autonomia sustatuz eta laguntza emanez ingurune seguru eta duin bat izan dezaten.
Proiektu hau PSE-EE eta EH Bildu taldeen arteko akordio baten ondorioz sortu da.