Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak prebentzio-neurriak handitu ditu koronabirusaren aurrean, haurrentzako parkeak prezintatuz eta sail guztietan jendearentzako arreta etenez

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2020/03/14

Gaur goizean hartu dira neurri berri horiek, azken orduetan Eibarko biztanleek COVID-19 birusaren lehen infekzio-kasuei buruzko informazioa jaso ondoren. Erabaki berri hauek atzo, martxoaren 13an, jakinarazitakoekin bat egiten dute, eta Udaletik berriz ere dei egiten da erantzukizun zibilari, konpromisoari eta etxetik egiten diren irteerak ahalik eta gehien murrizteari.

Eibarko Udalak atzo, martxoak 13, jakinarazitako babes eta prebentzio neurriak zabaltzea erabaki du gaur goizean, azken orduetan Eibarren COVID-19ren lehen kasu positiboen berri izan ostean.

Egoera berri horren aurrean, Eibarko haur-parke guztiak prezintatuko dira, pertsona asko biltzen diren tokiak direlako, eta Eibarko Udaleko aurrez aurreko arreta bertan behera utziko da.

Ildo horretatik, edozein kontsulta edo tramite egiteko udal zerbitzuekin harremanetan jarri nahi duenak, ondorengo bideak erabili ahal ditu: Udalaren kanal elektronikoa (www.eibar.eus); telefonoa, 010 edo 943.70.84.00 telefonoetara deituta; edo, bestela, arlo bakoitzak duen posta elektronikoaren bidez ere jarri ahal izango da harremanetan.

Hiritarren batek, neurri hauek hartu aurretik, udal-zerbitzuren batekin hitzordua badu, hiritarra ez da hitzordura etorri behar. Udala jarriko da harremanetan interesdunarekin. NANaren bulegoaren kasuan, hitzorduak mantendu egiten dira, beraz, pertsona horiei bakarrik utziko zaie sartzen.

Eibarko Udalak berriz ere dei egiten die hiritarrei etxean ahalik eta gehien geratzeko eta nahitaezkoak ez diren jarduerak ekiditeko. Eibartar bakoitzari bere buruarekin arduratsu izatea eskatzen dio, gainerako bizilagunak ere babestu ahal izateko. Ildo horretan, azpimarratu nahi da garrantzitsua dela bereziki arduratsua izatea koronabirusaren aurrean komunikatutako higiene eta kontaktu neurriekin.