Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Pertsona Nagusien Hamabostaldia berreskuratu du, pandemia zela-eta azken urte bietan bertan behera utzi behar izan ondoren

Pertsona Nagusien Hamabostaldiaren aurkezpenaren irudia.

Pertsona Nagusien Hamabostaldiaren aurkezpenaren irudia.

2022/04/22

“Kirola eta osasuna erretiroa hartu ondoren”; horixe da bere baitan era askotako ekitaldiak hartuko dituen Jardunaldien XXVII. edizioaren leloa eta ardatza.

Pertsona Nagusien Hamabostaldia berriro itzuli da Eibarrera, aurreko bi urteetan ezin izan baita egin pandemiak eragindako murrizketen ondorioz. Horrela, datorren maiatzean zehar, jardunaldi horien XXVII. edizioa egingo da ohiko ekitaldiekin; hala nola hitzaldiak, emanaldiak, txangoak, lehiaketak eta bestelako ospakizunak. 

Lelotzat ‘Kirola eta osasuna erretiroa hartu ondoren’ duen edizio berri honen programazioa gaur egindako prentsaurreko batean aurkeztu dute. Bertan, Jon Iraola alkateak, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi eta Adinekoen Batzordeko buru den Idoya Sarasquetak, eta Biztu Jubilatuen eta Pentsionisten Koordinakundearen lehendakari andreak, idazkariak eta  jarduneko diruzainak hartu dute parte; eta han izan dira Ipurua, Urki, Beheko Tokia eta Untzaga Jubilatuen etxeetako lehendakariek ere.

Hamabostaldia apirilaren 28an hasiko da inaugurazio-ekitaldi batekin, 11:30ean, Udalbatzaren Aretoan. Bertan, Ipurua, Urki, Beheko Tokia eta Untzagako etxeetako lehendakariek ere parte hartuko dute.

Gainera, ekitaldi horretan, Julián Gómez Gorputz Hezkuntzako lizentziadunak pertsona nagusiak eta jarduera fisikoari buruzko hitzaldia emango du. Amaieran, Untzagako gitarra-taldeak joko du eta bertaratutakoei piskolabisa eskainiko zaie.

Aurkezpen-jardunaldi horren ondoren, lehenengo jarduera maiatzaren 2an izango da, Elgoibar eta Eibar artean ‘Luis Muguerza Memoriala’ izeneko ibilaldiaren hasi eta Azitaingo Oinarrizko Lanbide Heziketan izango den piskolabisarekin bukatuko dena. Maiatzaren 4an bizi-ohitura osasungarriak izango ditu hizpide José María Vaquero medikuak, Untzagako etxean, 18:30ean.

Maiatzaren 5ean beste hitzaldi bat emango du Onorio Martínez Eibar Kirol Elkarteko medikuak, zeinak adinekoen jarduera fisikoa eta nutrizioa izango dituen mintzagai. Beheko Tokian izango da, 18:30ean.

Era berean, maiatzaren 6rako, txangoa antolatu da Suancesera. Irteera 8:00etan izango da eta prezioa 27 eurokoa pertsona bakoitzeko.

Maiatzaren 9an txapelketa bi izango dira, bata igel-tokakoa, eta bestea mahai-jokoena (tutea, mus eta briska). Biak Ipuruako etxean, lehenengoa 12:00etan eta bigarrena 17:00etan. Maiatzaren 11n, Pili Arinek hitzaldia emango du Ipuruaren etxean, 18:30ean: ‘Erretiroa eta sasoian jarraitzea’ gaiaren inguruan.

Hamabostaldiari amaiera emateko, maiatzaren 13an bazkari-omenaldi bat izango da Untzaga Plaza hotelean. Aurretik, 12:30ean, meza bat egongo da lau etxeetako eta Biztuko hildakoen alde.

Bazkarira joatea nahi duten pertsonek maiatzaren 4ra arte eman dezakete izena. Bazkarian musika eta dantzaldia izango dira. Prezioa, 28 euro.

Gaurko aurkezpen-ekitaldian, Eibarko alkateak, Jon Iraolak, nabarmendu du garrantzitsua dela “Pertsona Nagusien Hamabostaldia berreskuratu ahal izatea, pandemiaren ondorioz urte biko geldialdiaren ondoren, eta, hala, jubilatuen eta pentsiodunen taldeak urtero antolatzen duen ekimen garrantzitsuenetako bati berriro heldu ahal izatea.”

Iraolak agerian jarri du Udalaren inplikazioa eta laguntza “Eibarren sustatzen diren jarduera guztietan,  nagusiei beren eguneroko lana kudeatzen lagunduko dieten ezagutzak eta tresnak gizarteratzeko eta eskaintzeko,  eta zahartzaro aktiboa sustatzeko.”

Alde horretatik, alkateak nabarmendu du Udalaren agintaldi honetan Adinekoen Batzordea sortu dela; eta udal-erakunde horrek aukera ematen duela “adinekoen kolektibo horren beharrei buruzko proposamenak aztertu, analizatu eta biltzeko, haien bizi-kalitatea hobetzeko planak eta ekimenak diseinatzeko orduan aurrerapausoak emateko”.

Bestalde, Idoya Sarasqueta zinegotziak honako hau adierazi du: “Gure alkatearekin bat nator gure herriko pertsona nagusiei beti hainbeste gustatu izan zaizkien jarduerekin Hamabostaldi honi ekiteak poztasuna ematen duela esatean, nire kasuan, duela 7 urtetik hona antolatzen lagundu izan duguna. Gainera, Pertsona Nagusien Batzordeko lehendakari gisa, nire hurrengo helburua da Edadetuen Mahaia ahalik eta lasterren aurkeztea, Covid-ak geldiarazi zigun asmoa.”