Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak merkatarientzako formazio-plan bat jarri du martxan TicketBAI programara egoki daitezen

TicketBAI programaren logotipoa.

TicketBAI programaren logotipoa.

2022/01/17

Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin lankidetzan, Eibarko hogeita bat merkatarik jaso ahalko dute doako formazio hau. Banakako zein taldekako formazioa ematea aurreikusten da.

Eibarko Udalak formazio-plan bat jarriko du abian, herriko merkatari eta ostalariei zuzendua, TicketBAI programara egokitu daitezen (programa 2022ko uztailaren 1ean sartuko da indarrean Gipuzkoan).  

Plana Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin batera egingo da eta hogei bat komertziok parte hartu ahalko dute (kopurua handitu ahalko da, eskari gehiago badago).  Horretarako, Udalak 7.600 euro bideratu ditu.

Metodologiari dagokionez, formazioa bi eratara egingo da, taldean eta banan-banan. Lehen modalitatean, parte-hartzaileek TicketBAI programa garatzeko zer ekintza egin behar diren aztertu eta ezagutu ahalko dute. Bigarrenean, banan-banakako formazioarekin, sistema ezartzeko bidea aztertuko da eta laguntza emango da programa parte-hartzaileen berezitasunetara egokitzeko.

Formazioa doakoa izango da eta otsaila-apirila bitartean egingo da. Taldekako prestakuntza 8 ordukoa izango da eta banakakoa lau ordukoa saltoki bakoitzeko.  Udala eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioa kontaktuan jartzen hasi dira Eibarko merkatariekin programa honen berri eman eta parte hartzera gonbidatzeko.

Formazio honetan parte hartu nahi duten saltokiak Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin jar daitezke harremanetan 943206669 telefonora deituz (Iñaki Etxanizengatik galdetu) edo honako helbide elektronikoaren bidez empleo@fmg.com.

TicketBAI hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak partekatzen duten proiektu bat da, hainbat betebehar legal eta tekniko ezartzea duena helburu. Hala, TBAI indarrean sartzen denetik aurrera, jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek fakturazio-software bat erabili beharko dute, baldintza tekniko batzuk bete beharko dituena.

Sistema berriari esker, foru-ogasunek zergadunen jarduera ekonomikoen diru-sarrerak kontrolatu ahal izango dituzte, eta, bereziki, azken kontsumitzaileei ondasunak entregatzen edo zerbitzuak ematen dizkieten sektoreetako jarduerenak, neurri handi batean eskudirutan kobratzen direnak.